argia.eus
INPRIMATU
Greziako telebista publikoa mantendu behar dela ebatzi du Estatu Kontseiluak
  • ERT irrati-telebista publikoak gutxieneko emisioa mantendu behar duela ebatzi du Greziako Estatu Kontseiluak. Gobernuak proposatutako hedabide publikoaren berregituraketa onartu arren, hura gauzatu bitartean emisioak jarraitu behar duela erabaki du.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko ekainaren 19a
Telebista 'modernoagoa' eta langile gutxiago dituena nahi du Samarasek. (Argazkia: channelnewsasia.com)

Finantza Ministroaren eta Gobernuko bozeramailearen ardura izango da ERTko behin-behineko lan-taldea ahal bezain laster osatzea. Berriki kaleratutako langileak zein sektore pribatukoak hautatu ahal izango dituzte horretarako, Kontseiluak adierazi duenez.

Pasa den astean, ERT bat-bateko lege dekretuz itxi zuen Gobernuak. Soilik Antonis Samaras Lehen Ministroaren alderdiak, Demokrazia Berriak, bultzatu zuen neurria eta horrek  Gobernua osatzen duten beste bi alderdietako ordezkariak sumindu ditu. Adostasunik ezean hauteskundeak aurretatu litezkela iragarri dute zenbait hedabidek.

Troikaren ordezkariekin bildu zen Antonis Samaras atzo, pribatizazio planaren atzerapenak azaldu eta murrizketa berriak eztabaidatzeko, Europar Batasuneko Finantza Ministroek ostegunean Luxemburgon egingo duten bileraren atarian.