Ez hartu harririk, ez teila zatirik, ez lorerik… ezer! Gure zapatilen arrastoa da zapalduko dugun lurrean utziko dugun bakarra. Ez egin harri pilarik, etorkizuneko arkeologoen lana baldintzatuko duzue eta. Horixe esan zigun Jason Edmundsek ondare kulturalaren zaintzaren inguruan emandako hitzaldian, Ocean Endevour ontziko kide eta Euskal Baleazaleen arrastoen atzetik espedizioko buruak. Hitzok entzun ahala listua irentsi behar izan nuen zintzurretik, hitz-hartzeak aurrera jarraitu ahala deseroso xamar sentitzen hasi nintzen nire besaulkian eta.
Teila gorriak
Urteak dira gutxiegi berrikusiko ditudan milaka argazkiren bilduma egin beharrean, atzerritik harriak eta teila zatiak etxeratzeko joera dudala. Harriak, naturaren eta inguruaren arrasto gisan; teilak, giza abereon ekintzaren adierazgarri. Horiek osatzen dute nire bilduma turistiko partikularra. Egongelako saskitxo batean ditut denak nahastuta, bakoitza nondik ekarria den ezin asmatzeko moduan. Ternuan ekin nion nigan tradizio bihurtu den honi.
Red Bayko hondartzetan euskaldunek urtero eraikitzen zituzten txaboletako teilatu izandako milaka teila zatixka daude. Horiek topatuta kokatu zituzten zientzialariek euskaldunen XVI. Mendeko arrastoak Ternuan eta Labradorren. Batzuek diote herrixkaren izena teila gorri hauei zor diela Red Bayk – bertako jendeak kontatu zigun “harri” bitxi horiekin jolasten zutela umeak zirenean, teila zatiak ur gainean saltoka jarriz -, baina badia inguratzen duten mendietako harri gorriek ere izango dute zerikusirik. Gogoan dut lehen aldiz Red Bay bisitatu eta Saddle izeneko irlan lehen teila zatia eskuetan hartu nuenean, poltsikoan sartu eta etxera doa bueltan pentsatu nuela. Zer diren gauzak baina, hamabi urte beranduago, Ocean Endevour itsasontzian, berak jakin gabe ere, Jasonen hitzak errieta tonuan zetozen. Argi galdetzen zuen espedizio buruak: Red Bayen lurra hartzen duen orok teila, harri edo lore bat hartuko balu, zer eskainiko dio leku honek ostean bertaratuko denari? Listua berriz zintzurretik.
Ondareaz
Manu Eizagirre arkeologoak Red Bayen San Juan baleontzian egindako ur azpiko indusketen inguruan zioen: Eskerrak San Juan nao-a Kanada bezalako herri serio batean hondoratu zen, bere ondarea zaindu eta errespetatzen den herrialde batean. Ez beste herrialde batzuetan bezala.. Ez zuen beste herrialderik aipatu, baina ez zen horretarako beharrik egon. Kontutan hartu behar da Kanadako gobernuak dirutza erraldoiak inbertitu zituela San Juanen lan arkeologikoetan. Eizagirrek eta Robert Grenierrek, biak zazpi urte iraun zuen itsas indusketa ikaragarri honetan aritutakoak eta adituak, munduan inoiz egin den itsas arkeologiako indusketarik zehatzena dela aipatzen zuten. Euskaldunentzat ez ezik, Ternua eta Labradorreko biztanleentzat oso bereziak dira bai San Juana eta baita Red Bay ere, UNESCOk gizateariaren ondare izendatu baitzuen duela urte pare bat. Hemen Urko Apaolaza ARGIA kidearekin gaiaren inguruan idatzitako erreportajea: Euskal baleazaleen portua, gizateriaren ondare bihurtua.
Baina ondarea, ondare gisa aitortua izatea eta zeren arabera aitortzen den zehaztea, guztiz erlatiboak direla ezin da ahaztu. Ternua eta Labrador Kanadako probintziarik zaharrenak dira adibidez. Horrela esan izan digute behin eta berriz bidaian zehar eta bitxia da, asko baitira Kanada osoan dauden europarren arrastoen aurretiko elementuak. Paradoxikoa da ordea nola jotzen den Europa iparraldeko bikingoen sagatara edo Selma Huxleyek definitu zuen bezala euskaldunen egunerokotasunaren epopeiara, probintziaren “zahartasuna” justifikatzeko. Izan ere, Mendebaldeko kulturan, gure ustezko zibilizaziora lotzen gaituzten aurri eta arrastoak bihurtu ohi dira erreferentziazko markoa. Bide horretatik, Kanada ekialdean ehun eta berrogeita hamar urte dituen eraikin batek betetzen du Ipar Ameriketako egurrezko etxe zaharrenaren lekua, St Johns hiriburuko Quidi Vidi auzoan dagoen Mallard Cottage jatetxearen etxe-aurreak hain zuzen. Milaka kilometratara dagoen Kanada mendebaldeko probintzietan ordea, berrogei urte besterik ez dituen eraikin batek ondare historiko izaera hartu dezake.
Non eta noiz hasten da beraz ezer ondare izaten? Noiz hartzen dute teila pila batek ukitu ezin daitekeenaren izatea? Nola eta non bihurtzen dira harri pilak lurralde zabal batean ez-koordenada?
Harri gara
Bisitatuko genituen guneetatik ezer ez hartzeko gonbidapena jasota ere, ez ginen gutxi izan Red Bayeko hondartzan makurtu eta teila edo harri zatitxoren bat poltsikoan sartuta itzuli ginenak. Egin ezin denaren aurrean igartzen den sentsazio bihurri edo pikaro horretatik egin genuen. Baina ez denok, pikardia, gaiztakeria puntua duen gaitasun edo jarrera bezala, guztiz kulturala baita. Zeintzuk izan ginen asmatzerik?
Harriez eta herriez mintzo, Ternuatik urrun, oso urrun, Txile eta Bolivia igurzten diren Atacamako desertuan ikusi nuen inoiz eliza batean ikusi dudan lemarik ederrena. Tú eres piedra. Harriak garela alegia. Rolling stones-ak gainera (horrela entzun nion bertako apezari) zilipurdika doazen haitzak, dabiltzan harriak. Bertan ezagututako txiletarrari esan nion orduan “gure hizkuntzan espero ez dugun zerbaiten aurrean, harritu egiten gara; nos convertimos en piedra” eta hark harriduraz begiratu.
Honetaz eta hartaz pentsatzen, aste honetan lagun batek bidali didan Woodkid taldearen bideoklip harrigarri hau etorri zait bada gogora bat batean. Auskalo zergatik.