argia.eus
INPRIMATU
Tecnaliako presidentea: “Estatu itunean Defentsak izan behar du ekosistema tekno-industrialaren zutabeetako bat”
  • Emiliano Lopez Atxurra, Petronor konpainiaren eta Hego Euskal Herriko Ikerketa eta Garapen enpresa nagusia den Tecnalia -ren lehendakari denak, "Pasaporte bat segurtasunerako" idatzia plazaratu du Kataluniako 'La Vanguardia' egunkarian, koronabirusak eragindako krisi larriaren aurrean Espainia mailako Estatu itunak zein ardatz eduki beharko lituzkeen aurreratuz. Iñigo Urkullu lehendakariaren oso hurbileko enpresagizon fama dauka Lopez Atxurrak.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 20a
Emiliano Lopez Atxurra, Petronor eta Tecnaliako lehendakaria.

Emiliano Lopez Atxurrak La Vanguardia-n Espainia mailako Estatu itun baten premia eta hau, haren ustean, artikulatu behar duten ardatz nagusiak nabarmendu ditu, "Un pasaporte para la seguridad" artikuluan. Gogorarazi ostean Europarik gabe gaur egun Espainia lur jota egongo litzatekeela "historiaren zaldirik beltzenen oinpean", eta herrialde horren modernizatzean Europaren Egitura Funtsek eduki duten garrantzia berezibikoa, aldarrikatu du "Estatu ituna, zeinaren helburua izango baita estrategia ekonomiko eta tekno-industriala artikulatzea, [Europa den] etxe handian defenditzea eta partaide aktibo izatea Europako ekosistema teknologiko eta industrialean".

Pandemiak eraman gaituenez aurrekaririk ez daukan zorpetze maila bateraino, ezinbestekoa da Estatu itun hori: "Gure segurtasuna da jokoan. Oso ahul dagoen eta pandemiak are gehiago ahuldu duen Afrikarekin muga egiten dugu. (...) Segurtasun falta sekulako olatu bihurtzen da eta egonkortasun soziala astintzen du".

Panorama horretan, dio Lopez Atxurrak, "garrantzitsua da Estatu paktu horretan Defentsa aurreikustea lehen mailako zutabetzat, ekosistema tekno-industrial europarrean daukagun partaidetza sendotzeko. Ez da egokia bi mundu kontrajarritzat ikustea alde batetik zibila dena eta bestetik defentsa [militarra] dena. Teknologia eta industria osotasun bakarra dira, eta areago orain".

Itun horren bi osagai gehiago aipatu ditu Lopez Atxurrak bere artikuluan. Batetik, "geo-ekonomia iberoamerrikarari begiratzea. Haien etorkizuna gure etorkizuna da. Haien ekonomia produktiboak eskainiko digu datozen hamarkadetan eremu ekonomiko garrantzitsua ekonomiaren eta teknologiaren geopolitika berrian". Bigarrenik, sorkuntza eta kultura industria ere sartu behar dela Estatu itun horretan, eta hau ere Latino Amerikari begira antolatuta: "Sorkuntzazko industria barik, nekez lortuko dugu bilakatzea ardatz interesgarri ikus-entzunezko industriarenzako eta erreferentzia izatea mundu latinoarentzako".

1.500 enplegatu (horietatik bi ziento, doktore) dauzkan Tecnalia 2010ean sortu zuten ordurako Ikerketa eta Garapenean konpainia indartsuak ziren dozena batek (Fatronik, Inasmet, Labein, Robotiker...), eta geroztik Euskal Autonomi Elkartean alor horretako erreferentzia nagusia bihurtu da, hasi nekazaritzako edozein ikerketatik (Neiker-Teknalia) eta berrikitan Covid-19 birusarentzako testak garatzeraino. 

Tecnaliaz gain Petronorren lehendakari ere baden Emiliano Lopez Atxurra oso hurbileko aholkularia du Iñiko Urkullu lehendakariak. Katalunian independentziarako erreferendumaren ostean, 2017ko urrian, Urkulluri bitartekari lanak egin zizkion Carles Puigdemontek independentzia aldarrikapen unilateralik ez egitea lortzeko ahaleginean.