argia.eus
INPRIMATU
Taubirak Frantziako Justizia Ministerioa utzi du, Valls indartuz
  • Askotan iragarri eta beste hainbestetan gezurtatutako albistea asteazkenean bihurtu da egi: Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroak dimititu egin du.

ARGIA @argia 2016ko urtarrilaren 27a
Christiane Taubirak urtarrilaren 27an iragarri du Justizia ministro kargua utziko duela (argazkia: Libération).

Erabakia Taubiraren amore emate gisa ulertu dute Frantziako hainbat hedabidek: jada ministro ohia dena ez zegoen ados Asanblada Nazionalean eztabaidatzen ari diren erreforma konstituzionalarekin. Azaroaren 13ko atentatuen ondoren, terrorismo delituekin zerikusia duten pertsonei nazionalitate frantsesa kentzea aurreikusten du proposatzen den aldaketak.

Taubira batez ere erreforma horren puntu batekin agertu izan da desados: lege-aldaketak Frantzian jaiotako nazionalitate bikoitzeko pertsonei ere eragitea.

Urtarrilean hainbat aldiz hitz egin du Taubirak François Hollande Frantziako presidentearekin gobernutik ateratzeko aukeraz eta asteazken goizean etorri da azken erabakia.

Jean-Jacques Urvoas izango da Taubiraren ordezkoa Justizia ministerioan. Bretainian jaiotako politikaria, hain zuzen, nazionalitatea kentzeko erreforma aztertzen duen batzordeko presidentea izan da orain arte.

Zenbaiten ustez, Barne ministeriorako perfil egokiagoa du Justiziarako baino –Justizia eta Barne ministerioa bat egitea proposatzen zuen 2011n argitaratutako liburu batean–. Nolanahi, haren izendapena Manuel Valls lehen ministroak ezarritako ildo politikoaren garaipentzat jo du Le Monde egunkariko analisiak.

Euskal presoen hurbilketarik ez azkenean

Baionako PSko diputatu Colette Capdeviellek aipatu zuen iazko udan ministroa euskal presoak hurbiltzearen aldekoa zela: "Kasuak kasu aztertuz betiere, giza arrazoi eta behar familiarrak tarteko, atxilotuen dosierrak aztertzeko prest dago”. 2014ko uztailean Taubira presoekiko elkartasun lanetan ari diren elkarteetako zenbait ordezkarirekin ere bildu zen." Urtebete lehenago, halaber, ministroak euskal presoen eskubiden aldeko adierazpenak egin zituen, preso gaixoek euren senideen ondoren hiltzeko duten eskubideari erreferentzia eginez.

Ministro batek halako adierazpenak egiteak esperantza piztu zuen hainbat esparrutan, baina ezer egin gabe dimititu du azkenean Taubirak.