argia.eus
INPRIMATU
Tattoo Circus, ekainaren 17tik 19ra Errekaleor auzoan
  • Tatuaiaren kultura eta kartzelen aurkako borroka uztartzen ditu presoen aldeko elkartasun topaketak. Kabareta, suspensing, tatuaiak, hitzaldiak, kontzertuak, liburu aurkezpenak... askotariko jarduerez beteko da Gasteizko auzo okupatua hiru egunez.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 08a
Argazkia: Tattoo Circus

“Tattoo Circus presoekiko elkartasunaren alde lan egiten duten talde eta egitura ezberdinen arteko topaketa da. Zigorrean oinarritutako politika kriminalen aurrean, erantzun alternatiboak bultzatu nahi ditugu”, laburbiltzen dute ekimena antolakuntzatik. Espetxea estatuaren funtzionamendu egokirako ezinbestekoa dela iritzi diote – “Polizia, epaitegi,

legegileak,… ez dira ezer kartzeletako egunerokorik gabe”–, eta horregatik lotzen dituzte espetxeen eta estatuaren aurkako borroka.

Tatto Circusen egitarauan parte hartzen duten pertsona, talde eta kolektiboek ez dute dirurik jasotzen, eta topaketatik ateratako etekin ekonomikoa presoen aldeko eta espetxeen aurkako ekimen edo mugimenduetara bideratzen da.

Egitarau mardul eta askotarikoa

Ekainaren 17ko ostiralean hasi eta igandera arte luzatuko da Tattoo Circus, egitarau askotariko eta mardularekin. Izango dira zinema saioak, kontzertuak, hitzaldiak, drag tailerra... Ikuskizun zentrala larunbat gaueko kabareta da, suspensing-a, clownak, mentalismoa, akrobazia, shibari-a, edo hip-hop musika estilo librean nahastuko dituena.

Horretaz guztiaz gain, egunero goizeko 10:00ak eta gaueko 21:00ak artean tatuai, masaje eta ile apaindegi zerbitzuak izango dira, eta shibari eta suspensing tailerrak.

Txori Urdinak Tattoo Circusen

Topaketa Argiak argitaratutako Txori Urdinak liburuaren aurkezpen musikatuarekin hasiko da. Santi Cobos FIES presoaren bizitza eta hausnarketak jasotzen ditu liburuak. 18:00etatik aurrera zigor Olabarria liburuaren egileak eta Ekaitz Samaniego euskal preso politiko ohiak Santiren bizipenetatik tiraka espetxe sistemaz, preso ‘sozial’ eta ‘politikoen’ arteko elkartasun harremanak eta zigorraren kulturaz arituko dira. Ondoren, liburuaren pasarte hautatuak musikatuko dituzte Ziklone musika taldeak eta Tupak.

Tatto Circus munduko hainbat herrialdeetan burutzen den ekimena da. Euskal Herrikoa Añorgan, Bergaran eta Bilboko Karmelan ospatu da aurretik, besteak beste.

Behean dituzue aurtengo egitaraua, eta Karmelan antolatutako topaketaren argazki bilduma (kartela eta argazkiak Tatto Circus):