argia.eus
INPRIMATU
Tasio Erkizia: “Ez nion ETAko kide bati lorea jarri, lagun bati baizik”
  • Tasio Erkizia Auzitegi Nazionaleko Javier Gómez Bermúdez epailearen aurretik pasa da Argalaren omenaldian terrorismoa goretsi zuela eta. Argala bere laguna zelako joan zela adierazi du,  "ez ETAko kide" zelako. Azaldu duenez, unibertsitatean ezagutu zuten elkar eta omenaldian lorea jarri bazion, maitasuna zion laguna zelako egin zuela azaldu du: “Ez nion ETAko kide bati lorea jarri, lagun bati baizik”. Gaineratu du ekitaldiaren antolatzaileek azaldu ziotela beharrezko baimen guztiak zituztela eta bertan bere lana momentuko analisi politikoa egitea izan zela.

2011ko martxoaren 04a
Tasio Erkizia

Bestetik, Dignidad y Justiciak egindako galderak erantzuteari uko egin dio. Gómez Bermúdez epaileari azaldu dio ez zuela indarkeria armatuaren aldeko hitzik esan, eta bere abokatu Jone Goirizelaiari erantzunez esan du ezker abertzalearen estrategia politikoaren defentsan egindako hitzaldia izan zela.

Kasua epaia emateko prest geratu da. Dignidad y Justiciak bi urteko kartzela zigorra eta 12 urteko gaitasungabetzea eskatu ditu  omenaldian ETA goraipatzea leporatuta eta fiskaltzak bestetik, urte eta erdiko kartzela zigorra eta zortzi urteko gaitasungabetzea eskatu du.