argia.eus
INPRIMATU
Taser pistola hilgarriak erosi ditu Ertzaintzak
  • Ertzaintzak Taser pistola elektriko paralizatzaileak erosi ditu, nahiz eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak onartu duen arma horiek ez daudela homologatuta eta ez dakitela epilepsia edo bihotzeko arazoak dituztenengan nola eragin dezaketen; Público egunkariak jaso du albistea.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko apirilaren 26a
Taser pistola bat. (Arg.: Liverpool Echo)

Deskarga elektrikoak ematen ditu arma horrek, eta biktima paralizatu egiten dute. Arma “ez hilgarri” bezala kalifikatuta badago ere, Amnistia Internazionalak argitaratutako txosten baten arabera, 2001 eta 2012 bitartean gutxienez 500 pertsona hil ditu poliziak AEBetan arma hori erabilita. Hemen sonatua izan zen Delian Atkinson Realeko jokalari ohiaren hilketa; iazko abuztuan hil zuen Ingalaterrako poliziak Taser pistolarekin.

Arma horiek bereziki kaltegarriak izan daitezke asma, epilepsia, kardiopatia larriak edo taupada-markagailuak dituzten pertsonentzat. BBCk Douglas P. Zipes kardiologo adituari egindako elkarrizketan zioen Taser pistolarekin bularrera tiro eginda berehalako bihotzekoa eta heriotza eragin dezaketela.

Jose Ramon Becerra Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak arma horiei buruz galdetu zion Beltran de Herediari. Kontseilariak erantzun zion 50.687,68 euro gastatu dituztela erosketan. Homologazioei eta erabilera protokoloei buruz galdetuta, kontseilariak erantzun zuen "fabrikanteak homologatu" duela armaren erabilera, eta "berariazko ziurtagiriak" dituztela. Ziurtagiri horiei buruz galdegin zion jarraian Becerrak, eta Beltran de Herediak erantzun zion "ez direla existitzen ziurtagiri horiek".

Taser pistolak Ertzaintzak sortu berri duen Berehalako Erantzunerako Patruila Zerbitzuak erabiliko ditu. Iazko urte amaieran sortu zuten unitate hori "egoera kritikoetan” esku hartzeko. Egoera horien barruan jarri dituzte kasu “antiterroristak”: bahituak dauden egoerak eta banku lapurretak, baina etxe-kaleratzeetan ere parte hartu du unitate horrek.