Nahiz eta Nafarroako hainbat udalerrietako udaltzaingoek taserrak dituzten, ez dago armen araudian jasota. Azkoienen lau aldiz erabili dute, eta Iruñean aurtengo ekainean erabili zuten lehen aldiz.
Nafarroako Gobernua lanean ari da Foruzaingoaren armen araudia aldatzeko, besteak beste, taser pistola sartzeko, foru-poliziek eskatuta. Foruzaingoak proposamen bat aurkeztu du Herrizaingo Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, non arauzko arma gisa onartzea eskatzen duten Kontrolerako Gailu Elektronikoa (DEC edo taser pistola) “beste arma batzuk” atalean. Horrez gain, eskaera horretan proposatu dute 17 HRM Erriflea “su-arma luzeen ereduak” atalean sartzea. Polizien arabera “biak Foruzaingoaren hainbat unitateren berezko funtzio eta jarduketetara egokitzen” dira, Noticias de Navarra-k informatu duenez. Nahiz eta 137/1993 Espainiako Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan “bereziki gaitutako funtzionarioentzat” taserraren erabilera arautzen den, irailean egitea espero da arma horien ezarpena Nafarroako Foruzaingoaren armen araudian.
Nahiz eta araudian jasota ez dagoen, Nafarroan taser pistolak dituzte Iruñea, Azkoien, Funes, Faltzes, Azagra, San Adrián, Cintruénigo, Cascante, Valtierra eta Corellako udaltzainek, Noticias de Navarra-k jaso duenez. Azkoiengo Udaltzaingoak 2016. urtetik ditu pistola elektrikoak, eta zortzi urtetan taserra lau aldiz erabili dute, horietatik hiru alditan udaltzain agente berak. Iruñean lehen aldiz aurtengo ekainean erabili zuten taser pistola, Buztintxuri auzoan. Iruñeko Udaltzaingoak erabilitakoa Taser T7 pistola da, eta udaltzainek “armaren erabilera arautzen duen protokolo zehatz bat jarraitzen dute”. Irismen laburreko arma da eta deskarga elektrikoen bitartez pertsonak immobilizatzeko gai da.
Taser pistolaren aurrekariak
Taser pistolen erabilera eztabaidagaia izan da azken urteotan. Astigarragan (Gipuzkoa) aurtengo otsailean agerraldi psikotikoa zuen gizon bat hil zen, familiak salatu zuenez Ertzaintzak “bortizki esku hartu” ostean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ziurtatu zuen biktimaren aurka jardun zuten polizia-agenteek ez zutela taser pistolarik erabili, baina hildakoaren familiak salaketa aurkeztu zuen Donostiako Instrukzioko 5. epaitegian, gorpuak “higadurak eta urradurak” zituelako, eta “taser pistolarekin bateragarriak ziren markak” ikusten zirelako, Noticias de Gipuzkoa-ren arabera.
Amnistia Internazionalak ziurtatu zuen AEBetan 2001 eta 2012 urteen artean taser pistolekin 500 pertsona inguru hil zituztela, BBC-k 2013an egindako erreportajean irakur daitekeenez. “Zalantzarik gabe, taser batek bat-bateko heriotza eragin dezake. Hori erabat argia da”, adierazi zion Indianako Osasun Unibertsitateko ikertzaile eta kardiologo Douglas P. Zipes-ek BBCri.