argia.eus
INPRIMATU
Taser pistola erabili du lehen aldiz Iruñean Udaltzaingoak
  • Buztintxuri auzoan gertatu zen, asteleheneko lehen orduan. Gizonak zentro psikiatriko batean nahitaez sartzeko agindua zuen, eta mediku bati eraso egingo ziola mehatxu egin zuen.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko ekainaren 05a
Iruñeko Udaltzaingoak taser pistolaren tresna du 2022ko abendutik. Argazkia: navarra.es

Udaltzain batek lehen aldiz taser pistola erabili zuen astelehenean Iruñeko Buztintxuri auzoan, Noticias de Navarrak informatu duenez. Tirokatutako gizonak zentro psikiatriko batean sartzeko agindua zuen eta bere etxera bertaratu zen mediku bati eraso egingo ziola mehatxu egin zuela adierazi du Udaltzaingoak. Medikuek Udaltzaingoaren laguntza eskatu zuten, gizonaren egoera zela eta. Gizona immobilizatu ondoren, ospitaleratu behar zuten zentro psikiatrikoan artatu zuten.

Iruñeko Udaltzaingoak erabilitakoa Taser T7 pistola da eta “udaltzainek armaren erabilera arautzen duen protokolo zehatz bat jarraitzen dute”, Noticias de Navarraren arabera. Irismen laburreko arma da eta deskarga elektrikoen bitartez pertsonak immobilizatzeko gai da. Taser pistolak ekoizten dituen Axon enpresak arma ez hilgarria dela dioen arren, bestelakorik erakusten duten hainbat aurrekari daude.

 

Taser pistolak ere hiltzen du

Eztabaidagai izan dira taser pistolak azken urteotan. BBC Mundok 2013. urtean arma hauen inguruko erreportaje bat egin zuen. Tasers International enpresaren arabera, tresna hauek “ofizialei susmagarritzat jotzen dituzten pertsonak makurrarazten laguntzen dute”. Erreportajean azaltzen zen nola arma horiekin AEBetan 2001 eta 2012 urteen artean 500 pertsona hil zituzten. 2018. urtean ere Frantziako poliziak 30 urteko gizon bat hil zuen taser pistolarekin.

Euskal Herrira etorrita, aurten Astigarragan Ertzaintzak hildako 36 urteko gizon baten kasuarekin lotzen da taser-a. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ziurtatu zuen biktimaren aurka jardun zuten polizia-agenteek ez zutela taser pistolarik erabili. Hala ere, hildakoaren familiak salaketa aurkeztu zuen Donostiako Instrukzioko 5. Epaitegian, gorpuak “higadurak eta urradurak” zituelako, eta “taser pistolarekin bateragarriak ziren markak” ikusten zirelako, Noticias de Gipuzkoaren arabera.