argia.eus
INPRIMATU
Taser bidezko biktimak: poliziak Dalian Atkinson Realeko jokalari ohia hil du
  • Arma elektrikoaren deskarga jaso ostean bihotzekoak emanda zendu da, Telforden (Ingalaterra). Poliziaren aurkako Kexen Batzorde Independentea kasua aztertzen ari da.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko abuztuaren 16a
Denboraldi batez aritu zen Atkinson Realean. Aurrelari ingelesak 12 gol egin zituen 29 partidatan 1990-1991 denboraldian.

Azken hilabeteetan, ohikoak bihurtzen ari dira nazioartean poliziak taser pistola bidez hildako pertsonen kasuak. Maiz urrun ikusiagatik, baina, azken kasuak aztoratu egin du Euskal Herria, eta bereziki Gipuzkoa: Dalian Atkinson Realeko jokalari ohia da Telforden poliziak hildako 48 urteko gizonezkoa.

West Marcia eskualdeko polizia etxearen arabera, Atkinsonen gurasoen etxe inguruan “pertsona baten segurtasuna arriskuan” zegoela esanez deitu zuen bizilagun batek, goizaldeko 1:30ak aldera. Poliziak orduan egin zion tiro Atkinsoni. Larrialdi zerbitzuak ordu erdi batez suspertze lanak egiten aritu arren, ospitalera bidean bihotzeko batek eman eta bertan zendu zen goizeko 3:00ak aldera.

"Lau edo bost tiro eta kolpeak"

Poliziaren aurkako Kexen Batzorde Independentea kasua ikertzen ari da, poliziak tiro egitearen zergatia bilatu nahian. Batzordeko iturrien arabera, “erabilitako indar maila” gako izango da ikerketa aurrera eramateko. Bere aldetik, Paula Quinn bizilagunak BBC-ri zehaztu dio poliziak lau edo bost alditan egin zuela tiro, “kolpeak eta ostikoak etengabe” emateaz gain.

Jokalari ohiaren iloba Fabianen arabera, bere osaba dialisi tratamendua jasotzen ari zen giltzurrunetako arazo batzuengatik: “Bistan da, bihotza ahulduta zuen”, zehaztu du. Horrez gain, Fabianek uste du poliziak taserra erabili behar duen bakoitzeko beharrezkoa litzatekeela anbulantzia bat ondoan izatea: “Nork bermatu dezake hainbeste volt modu ez naturalean sartu zaizkionaren biziraupena?”.

Atkinsonek urtebete egin zuen Realean, 1990-1991 denboraldian. Aro modernoan talde txuri-urdinak fitxatutako lehen atzerritarra izan zen, Kevin Richardson eta John Aldridgerekin batera. Azken honek doluminak helarazi dizkio Atkinsonen familiari, Realak bezalaxe. Besteak beste, Aston Villan ere aritu zen Atkinson, eta omenaldia prestatzen ari dira talde horren zaleak.

Pistola elektrikoen eragina

Hasiera batean pistola hauen zeregina pertsonak edo animaliak inmobilizatzea bada ere, taserraren deskargak heriotza ekar dezake, batez ere bizitzeko beharrezko diren organoetara bideratuz gero. Mota honetako pistolek 50.000 voltera irits daitezkeen deskargak jaurti ditzake.

Azken hamar urteetan, Galesen eta Ingalaterran ehundik gora pertsona hil dira horrelako gailu baten deskargen ondorioz, bertako Gobernuz Kanpoko Erakundeen arabera.