argia.eus
INPRIMATU
Tasa gehigarria ordaindu beharko dute etxebizitza turistikoek Portugalen
  • Mas Vivienda programaren parte dira neurriak, “etxebizitzarako sarbidea errazteko” asmoz hartuak. Besteak beste, %15eko tasa gehigarria ordaindu beharko dute etxebizitza turistikoek eta etxeen erosleentzat bidaiatzeko urrezko bisa murriztuko du.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko abuztuaren 02a
Turistak Portugalgo kaleetan / Argazkia: Richard Baker

Portugalgo Gobernuak Etxebizitza Programa jarri zuen martxan 2022ko martxoan, “etxebizitzarako sarbidea errazteko” helburuarekin. Duela astebete, ordea, neurri berriak onartu ditu; esaterako, etxebizitza turistikoak irekitzeko debekua Lisboan eta Porton. Halako etxebizitzarik irekitzekotan, eraikineko gainontzeko jabeen oniritzia eduki beharko du.

Hasiera batean %35eko tasa gehigarria ordaindu behar izatea proposatu zuten, baina oraingoz %15ekoa izatea onartu dute. Neurrien artean dago ere etxebizitzak erosteko eskaintzen diren "urrezko bisei" mugak jartzea. El País-en esanetan, 2012 eta 2023 urte bitartean 11.758 "urrezko bisa" eskaini zituen Portugalgo Gobernuak; horietatik 10etik 9 etxebizitza erosleentzat izan ziren.

Lisboako maizterren elkarteko lehendakari Romão Lavadinhok etxebizitza turistikoen gabeziak azpimarratu ditu aipaturiko egunkarian: “Etxebizitza turistikoa ez da bateragarrian etxebizitzarekin: batetik, segurtasun eza handitzeagatik, eta bestetik, bertan bizitzen direnen ondoeza handitzen duelako".

Etxebizitzaren auzia

2022an, 723.215 etxebizitza hutsik zeuden Portugalen, eta guztira 108.523 etxebizitza erabilera turistikorako bideraturik zeuden; etxebizitza guztien %1,8 da hori.

Espainiar Estatuan, berriz, etxebizitza guztien artean %1,2 da turistikoa.