“Gastuak partekatu, bidelagun berriak egin eta aztarna ekologikoa gutxitzeko” helburuekin jarri dute martxan webgunea eta Leitzara edo Leitzatik autoan bidaiatuko duen edonork erabiltzeko aukera du.
Erregistratu, ezizena eskuratu eta bidaia argitaratu besterik ez da egin behar autoa partekatu nahi bada, Leitzara doazen edo Leitzatik irteten diren bidaietan. Horretarako aukera ematen du abian jarri den tartarkar.eus plataformak.
Garraio publikoak eskaintzen dituen aukera eskasei aurre egiteko sortutako ekimena da Tartarkar, Leitzako Udalak 2014an antolaturiko parte-hartze prozesuaren ondorioz sortua. LeitzEKO Kontsumo Taldeak bideratu du proiektua eta haren printzipioekin bat egitea izan da helburua. Hots, gaur egungo garraio-ohituren inguruan hausnartzea: “mugikortasunaren indibidualizazioaren, herri barreneko kotxearen erabilpenaren eta garraio-mota ezberdinek eragiten duten energia-kontsumoaren” inguruan, besteak beste.