argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herrirako instituzioa
Tarnosek Euskal Kosta-Aturrin sartzeko tematuta segitzen du
  • Tarnose (Landak) Euskal Kosta-Aturri elkargoko kide bilakatzeko tematuta dago. Gaur, uztailaren 20an, bere nahia gauzatzeko eskaera eztabaidatua izanen da Euskal Kosta-Aturriko kontseiluan.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2016ko uztailaren 20a
Claude Olive Euskal Kosta-Aturriko presidente hautatua izan zen, Jean-René Etchegarayren ordez. Argazkia: Bob Edme.

Pirinio Atlantikoetako prefeta Pierre André Durandek Ipar Euskal Herriko Elkargoa sortzeko dekretua ezagutarazi zuen uztailaren 13an. Ondo bidean, herri elkargoak desagertuko dira, Euskal Kosta-Aturri barne.

Iragan ekainean Tarnosek Ipar Euskal Herriaren parte izateko nahia agertu zuen Tarnoseko Kontseiluan. Prefetak eskaera “onartezina” dela jakinarazi zuen.

Alta, bada, Euskal Kosta-Aturriko kontseiluak Tarnoseko Kontseilua Herri Elkargoan sartzeko aukeraz eztabaidatzea gonbidatua du gaurko kontseiluan edo batzarrean. Tarnoseko hautetsiak “bateratzeari buruzko” bere iritzia eman dezaten nahi dute.

Ipar Euskal Herriko 71 hautetsien helegitean ageri bezala, perimetroa edo lurralde eremua ezbaian dago. Tarnose integratzearen alde dauden hautetsiek “garapen ekonomikoa eta bilakaera demografikoa” aintzat hartu behar dela diote, besteak beste.

Beraz, antza, Tarnose Euskal Kosta-Aturrin integratzeko tematuta dago. Bestela ere ulertu daiteke, noski, Euskal Kosta-Aturriko presidente eta Angeluko auzapez eta Claude Olive buru duen herri elkargoak ez diola asmo horri uko egin nahi.