Azken urteotan hamaika aldiz entzun dugun hitz berria: tardeoa. Lekuz leku aldaerak izango dituela susmatzen dut. Nik Bilbokoa baino ez dut ezagutzen, eta oso gauza sinplea dirudi: adin bat daukagunok, orain arratsaldean, lehen gauean egiten genuenari jarri diogun izena, hau da, eta labur esanda, arratsaldez parranda egitea.
Dirudienez ez dugu Euskal Herriko biztanleok asmatu, gauza gehienak lez, kanpotik ekarri eta geure erara moldatu dugu. Bilbon gogor sartu da ordea, eta larunbat arratsaldeetan, pub eta tabernak, 1970-80ko hamarkadetan jaio ginen gizabanakoz bete dira berriz ere. Harrigarria da arratsaldeko seietan, artean egunez dela, pub bateko atea ireki, bertan sartu eta jendea edaten eta dantzan ikustea gaueko ordu txikiak izango balira bezala. Halakorik sekula ikusi ez duzuenoi gomendatu egiten dizuet, benetan. Errealitate birtualeko betaurrekoekin daukazun antzeko sentsazioa sortzen baita.
Baina ez da hori, beharbada, deigarriena. Tardeoa, bere izenak argi agertzen duen bezala, arratsaldez soilik izan beharko luke, ezta? Ba ez, gehienetan gaueko ordu txikietara arte luzatzen da. Tardeoa-k, beraz, parranda luzatzeko aitzakia baino ez dirudi. Gauarekin nahikoa ez eta arratsaldea ere hartu dugu parrandan ordu gehiago emateko.
Askotan pentsatu izan dut gure belaunaldikoena aparteko zerbait dela, parrandarekiko demaseko zaletasuna dugula, alegia. Gure gurasoak ez ziren ateratzen geu gazteak ginenean, baina guk hor jarraitzen dugu, 20 urte genituenean bezalaxe
Joan den larunbatean, aspaldiko partez, Albiako lorategietatik hurbil dagoen betiko pub batera hurbildu nintzen lagunekin, gaueko hamabiak aldera, arratsalde osoan tardeoan ibili ostean. Betiko pub-a esan dut duela 30 urte ere bertara joaten ginelako. Izugarrizko giroa zegoen. Han zeuden tardeoan ibilitako 40-60 urte bitarteko “gazte” guztiak. Gehienak ondo alaituta, pozik, ligatzen saiatzen batzuk eta gure garaiko musika dantzatzen gehienak, ligatu nahi zutenak eta nahi ez zutenak.
−Lan egiten duzu edo jubilatuta zaude jada? –lagun baten txantxa berton geundenon adina ikustean.
Barrea gogoz egin ondoren, geu ere, tardeoa igarota, ondo alaituta baikeunden ordurako, ideia bat otu zitzaidan: jubilatzeko ez gaude baina, agian, martxa honetan jarraituz gero, parrandazale berak betiko lekuetan elkartzen jarraituko dugu, eta orduan bai, orduan ea jubilatuta gauden galdetuko beharko diogu elkarri.
Hala ere, arratsaldea atzetik datozen belaunaldiei utzi beharko diegula iruditzen zait, beraiek hartuko baitute arratsaldean eraiki dugun geure lekua eta, orduan, jokoz kanpo egongo gara berriro ere? Beste zerbait asmatu beharko dugu? Mañaneoa? Ez dut pentsatu ere egin nahi. Gai gara jo eta su, goiz, arratsalde eta gau ibiltzeko.
Askotan pentsatu izan dut gure belaunaldikoena aparteko zerbait dela, parrandarekiko demaseko zaletasuna dugula, alegia. Gure gurasoak ez ziren ateratzen geu gazteak ginenean, baina guk hor jarraitzen dugu, lehenengo lerroan, 20 urte genituenean bezalaxe. Zergatik? Ez dakit, hori soziologoek ikertu beharko lukete, baina hala da.
Jabi Elorza