argia.eus
INPRIMATU
Tapia Legearen aurka mobilizatu dira ehunka herritar Gasteizen
  • Araba Bizirik plataformak antolatutako manifestazioak hiriaren erdigunea zeharkatu zuen larunbat arratsaldean. Tapia Legea naturaren eta demokraziaren aurkakoa dela salatu dute, eta ohartarazi tramitean dagoen legearen moldaketa are kaltegarriagoa dela.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 16a
Argazkia: Hala Bedi

Bazkalosteko euri zaparrada mardulen ostean, ehunka herritar batu ziren Gasteizen larunbat arratsaldean Tapia Legearen aurka egiteko. Parke eoliko eta fotovoltaikoak, goi tentsioko linea elektrikoak, AHT... Araban aurreikusita dauden hainbat proiekturen aurkako pankartek, irudiek eta mezuek koloreztatu zuten mobilizazioa, lurraldeko hamaika herrietako bizilagunek eramanak.

Bilbo plazan hasi eta Andra Mari Zuriaren plazan amaitu zen manifestazioa. Bertan, antolatzaileek Tapia Legearen aurka egiteko dituzten arrazoiak laburbildu zituzten. Tapia Legeak boterea “zentralizatzen” duela salatu zuten, udalerrien eta kontzejuen erabaki ahalmenaren alde eginez: “Herri gisa mendeetan zehar mantendu dugun antolatzeko modua, lurrari eta gure sinesmenei lotuta dagoena, bat-batean kendu nahi digute”. Ingurumenaren eta trantsizio energetikoaren izenean udalerri eta kontzejuek onartzen ez dituzten eta naturaren aurka doazen proiektuak inposatu nahi ditu Jaurlaritzak Tapia Legearen bidez, Araba Biziriken esanetan: “Proiektu horiek ez dira alternatiba krisi ekologiko, sozial eta energetikoaren aurrean. Ez dira energetikoki eraginkorrak, horiek garatzeko energia fosil kopuru handiak bideratu behar baitira, eta ez dute energiaren kontsumorako eskubidea demokratizatzen”.

Tapia Legea 2.0

Abenduan onartu zuen Gasteizko Legebiltzarrak Tapia Legea, Jaurlaritzak Interes Publiko Goreneko Proiektu (IPGP) izendatzen dituen proiektuen inguruko erabakimena udalerriei kendu eta Jaurlaritzari ematen diena. Gaur gaurkoz, proiektu horiek ingurumen arloari loturikoak eta sustapen publikokoak izan behar dutela dio legeak. Baina tramitean da Tapia Legearen moldaketa, eta onartuz gero IPGPak sustapen pribatukoak eta edozein esparruri loturikoak izan ahalko dira. “Ez dugu onartuko!”, ohartarazi zuten manifestazio amaieran.