argia.eus
INPRIMATU
‘Tapia legea’ kritikatu dute Labraza eta Azazetako zentral eolikoen kontrako martxan
  • Arabako Mendiak Aske kolektiboak deituta, Labrazan eta Azazetan eraiki nahi dituzten zentral eolikoen kontrako martxa egin dute larunbatean, Tapia Legeari ez! Lurra defendatuko dugu lemapean.

ARGIA @argia 2022ko abuztuaren 22a

Kolektiboak salatu du Eusko Jaurlaritza "neurrigabeko presioa" egiten ari dela Arabako bi zentral eoliko horiek eraikitzeko, eta "presiorako lehen tresna" Tapia Legea dela, Jaurlaritzari botere handiagoa ematen diena –udalen kaltetan–, ARGIAko kazetari Zigor Olabarria Oleagak nabarmendu duen moduan maiatzean plazaratutako erreportajean.

Arabako Mendiak Aske plataformaren hitzetan, EAJ eta Iberdrola "ahal duten guztia" egiten ari dira proiektuak gauzatzeko, "indarrean dagoen araudia betetzen duten ala ez alde batera utzita", eta gaineratu du krisi energetikoa baliatzen ari direla "aitzakia gisa", urteetan garatutako ingurumenaren babeserako legeak "deuseztatzeko".

"Energia berriztagarriak beharrezkoak direla uste dugu mendeetan zehar kontserbatu diren ingurugiroak errespetatzen diren bitartean", diote kolektiboko kideek, "onartezina da hemen kontsumituko ez den energia gure lurraldeari ekologikoki horrenbeste eskeintzen dion mendilerro bat industrializatzearen truke lortzea". Aldaketa klimatikoari eta desertifikazioari aurre egiteko basoak babestu behar direla adierazi dute.