Abenduaren 9an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Tapia Legea, Jaurlaritzari “goi-mailako interes publikoko” proiektuak udalei inposatzeko aukera emanez, udal-araudiaren aurkakoak izanik ere. Bigarren urrats bat eman nahi du EAJ-PSE gobernuak: enpresa pribatuek ere proiektuak bultzatu ahal izatea, ez soilik publikoek; eta ez izatea soilik ingurumenari loturiko proiektuak, baizik eta edozein motakoak.
Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Legearen bidez ezarri nahi du aldaketa Jaurlaritzak. Legearen aurreproiektua onartu zuen azaroaren 26an Tapiak zuzentzen duen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, eta besteak beste Lurralde Antolamenduaren Legearen moldaketa proposatzen du –xedapen gehigarri baten bidez, seigarrena–.
Aldaketa sakonak
Tapia Legearen arabera, “goi-mailako interes publikoko” proiektuak, “ekimen publikoak sustatu beharko ditu, sektore publikoan sartuta dauden izaera publikoko edo pribatuko erakundeak barne”. Bigarren Tapia Legearen arabera, “ekimen publikoak eta/edo pribatuak sustatu beharko ditu” goi-mailako interes publikoko proiektuak.
Tapia Legearen arabera, “goi-mailako interes publikoko” proiektuek izan behar dute, “erabilgarritasun publikoko eta ingurumen-interes sozialeko instalazioak”. Bigarren Tapia Legearekin, “beste proiektu mota batzuk deklaratu ahal izango dira, baldin eta horien beharra, interes publikoa, orokorra eta soziala justifikatzen bada eta horiek gauzatzea premiazkoa bada”.
Data deigarriak
Bada arreta deitzen duen beste elementu bat. Tapia Legea abenduaren 9an onartu zuen legebiltzarrak –oposizioko talde politiko guztien aurkakotasunarekin, EAJk eta PSEk soilik eman zioten babesa–. Abenduaren 9an onartutako legeari moldaketa egin nahi dion lege aurreproiektua lehenago sinatu zuen Arantxa Tapiak: azaroaren 26an.
Demokraziaren aurkako erasoan sakondu
Erabakiak hartzeko joko-arauen aldaketa sakona ekarri zuen Tapia Legeak. Abenduaren 9ko legebiltzarreko saioan oposizioak “estatu kolpeaz” hitz egin zuen. Araba Bizirik plataforma ekologistak demokraziaren aurkako legea dela salatu zuen egun berean egindako mobilizazioan. Bigarren Tapia Legeak bide berean sakondu nahi du: enpresa pribatuei ere aukera emanez udal araudien gainetik erabakitzeko, eta ingurumenari lotuta ez dauden proiektuak ere inposatuz.
Arantxa Tapiak legebiltzarrean adierazi zuen Jaurlaritzak legea onartzeko eskubidea duela jendartearen gehiengoa ordezkatzen duelako –azken hauteskundeetan bozka eman zuten herritarren gehiengoa: %50,78koa izan zen partaidetza–. Horrela erantzun zion ingurumenari loturiko Gipuzkoako hamasei talde batzen dituen Naturkon kolektiboak: “Baina alderdi politikoak hauteskundetara aurkezten direnean programak aurkezten dituzte, eta, EAJ alderdiaren programan ez zegoen, inondik inora, herri honen antolaketa administratiboari halako erasoa egiteko aurreikuspenik”.