argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak ez du frackinga aplikatuko, jasangarria dela demostratu ezean
  • Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen eta Lehiakortasun sailburuak adierazi du ez dagoela gasa ateratzeko fracking teknika aplikatzeko prest, ez behintzat ingurumena errespetatzen duela demostratu arte.

ARGIA @argia 2013ko otsailaren 01
Frackingaren aurkako manifestazioa Gasteizen (Argazkia: Zuialde)

Ana Oregi Ingurumen sailburuak gauza bera esan zuen asteazkenean Euskadi Irratian: “Oraindik hainbat itzal daude ingurumenarekiko errespetuari dagokionez, dekretuak eta arauak mahai gainean ipini eta errespetatu egin behar dira, eta oraingo teknikarekin ez da horrelakorik babesten”.

“Analisiak egin behar dira”

Onda Vasca irratian elkarrizketatu dute gaur Tapia. Azaldu duenez, ez dute jasangarria ez den teknika baten alde egingo, baina lur-azpia esploratu beharra dago, han dagoena ustiatu ote daitekeen ziur jakite aldera.

Dena den, ingurumenari egiten zaion kaltearen aldetik ez dago inongo desberdintasunik esplorazioaren eta ustiaketaren artean, Unai Break ARGIAren 2.333. zenbakian (pdf) plazaratutako erreportajean azaldu zuenez. Azpiegitura berbera da, Andres Illana Fracking Ez Araba plataformako bozeramaileetako baten hitzetan. Are gehiago, esplorazioak izango du ustiaketatik zerbait. SHESA, Heyco eta Cambriaren arteko 2007ko bileren aktetan ikus daitekeenez, lehenbizikoak iradoki zuen azterketa egin bitartean eskuratutako gasa merkaturatzeko, zulatze lanen kostuak berdintze aldera.

2006an hasi ziren SHESA (EAEko hidrokarburoen enpresa publikoa) eta Heyco eta Cambria estatubatuarrak Araban gas naturala ustiatzeko plana diseinatzen.

Frackingaren aurkako ekimen legegilea

Fracking Ez Araba plataformak sistema horren aurkako herri ekimen legegilea aurkeztu zuen atzo Legebiltzarrean. 30.000 sinadura biltzen saiatuko dira, ekimena Legebiltzarreko osoko bilkuran eztabaidatzeko aukera izan dadin.