argia.eus
INPRIMATU
Tapia eta Leturia wedding band

Amets Aranguren Arrieta @ametsaranguren 2023ko irailaren 29a
Argazkia: Amets Aranguren

Tapia eta Leturia
Noiz: Irailaren 20an.
Non: LABAn (Iruñea).

----------------------------------------------------------

Duela hilabete-edo nituen ikusiak azken aldiz Elgoibarko plazan. Kontzertua bukatuta agurtzera hurbildu eta “Zer, Amets, eta LABAn noiz joko dugu?” bota zuen Tapiak. Harrigarriki azkar aritu zen nire garuna: “Irailaren 20an, zer iruditzen?” (ordu batzuk lehenago nuen jasoa egun horretarako Olaia Inziarteren ezezko inteligentea). “Letu, libre al duk irailaren 20a?”, “mmm… bai” besteak. “Hantxe izango gaitun, Amets”.

Esan eta egin. Hitzartutakoa baino bost minutu lehenago heldu da Euskal Herriko bikote ikonikoenetako bat Gazteluko Plazako ixkinara. Iruñeko Alde Zaharreko festak dira asteburuan eta, berotze ariketa gisa, asteazkenez hasi da LABAn Sanfermin Txikiko programazioa. “Honekin ezkontzetan-eta jo izan dugu asko, Tapia eta Leturia wedding band ginenean” aipatu digu irribarrea ahoan Tapiak soinu ekipoa autotik ateratzen dugun bitartean.

Heldu den urtean 40 urte ospatuko dituzte elkarrekin jotzen eta, gaurkoan hasierako formatura itzulita, hasierako garaiko kantuak emateko probestu dute. Kalejira heavy-rekin hasi direlarik, sakelakoa atera eta zoom egin du Leturiaren eskuetara nire ezkerretara zegoen gizon helduak, “es que somos aprendices de pandero” esan dit eskuinetara nuenak, ilusionatuta.

Because I love you izan da ondotik. “Barka umore gipuzkoano hau” bota du usurbildarrak Ongi egiten dugu Iruñekoak izateko dioen kamiseta soinean daramala. Ene Maialen-ekin luzatu dute berriz gonbitea dantzarako. Eta gogoz ikusi dut Maddalen lehenengo ilaran, baina goizegi zen oraindik. “Aldatu bikoteak” esan du Tapiak eta elkarri begiratu diote oraindik dantzarako lotsati daudenek. “Bizitza errealean, e” gehitu du abeslariak barre artean.

Bakarrik hasi zuten biek ibilbidea musikaren mundu honetan, baina segituan heldu zen teknologia eta, harekin batera, caja de ritmos-a. Festarik festa kantuak eztandarazi du LABA, erritmoen kaxa lagun. Irudia sinple bezain ederra da: jende guztia dago pozik, oso. Mitikisimoenak ere jo dituzte, nola ez, Besamotza, Wafa, Konpostelako erromesa… Fandango, arin-arin eta porrusaldekin tartekaturik. Lotsaz gain zapatak ere erantzi ditu batek baino gehiagok, dantzarako erosoago.

Honaino helduta jada soberan beteak zeuden nire espektatiba denak eta sumatzen nuen irribarre egiteari utziko nion momentuan min pixka bat emanen zidatela masailek. Baina orduan heldu ziren nire bi momentu faboritoak, bata bestearen atzetik: konga unibertsala (bai, Tatxers-eko Iñigo Soriak ere egin zuena) eta Julen Goldarazena musikaria eta Oier Zuñiga aktorea Hik lan eta nik jai kantatzen… “artisten” maskarak erreparorik gabe erortzen utzita…

Ezkontzearena ez dut printzipioz planen artean, baina bizitzak inoiz halako zerbait parean jarriko balit, zalantzarik ez zein wedding band-ekin ospatu.