En Peu de Pau koordinadorako kide Pepe Beunzak azaldu digu, Katalunia independente deklaratu aurreko orduetan, nola ari diren herritarrak prestatzen etor litekeen errepresio bortitzari indarkeriarik gabe eusteko.
Pepe Beunza Espainiako Estatuko lehen kontzientzia politikoko objektorea izan zen eta 3 urteko kartzelaldiarekin ordaindu zuen. 1947an Jaenen sortu eta 9rekin Valentziara bizitzera joana, Bartzelonara jo zuen kartzelatik ateratakoan, objekzio kolektiboa antolatzera, eta bertan bizi da geroztik. Aita nafarra zuen eta aitona, Joaquin Beunza, Iruñean kale baten izena duena. Borrokaren poza helarazi digu FX ANIMATION Barcelona 3D & Film School egoitzan egin diogun elkarrizketan. Bihar irakurri ahalko duzu elkarrizketaren bigarren zatia, indarkeriarik gabeko borrokaren gakoez, eraikitzeko duen gaitasunaz, Kataluniako independentzia bideaz...
En Peu de Pau independentziaren zein unetan sortu da eta zertarako?
En Peu de Pau erakundeen gune bat da, independentziarako borroka indarkeriarik gabea izango dela bermatzeko. Hori erakunde denen eskaera eta konpromisoa da baina ez bada lantzen eta sakontzen, oso zaila da indarkeriarik ezari eusten. Saihestu nahi ditugu probokazioak, jende etsitua, indarkeriaren tentazioa sentituko duen jendea egotea... zergatik? hanka-sartzea litzatekeelako, oso aurkari indartsua dugulako aurrean: hedabide asko ditu, badu polizia, badu ejertzitoa, baditu bonba atomikoak (Espainiako ejertzitoa NATOn dago)... horrelako aurkariari indarkeriarekin aurre egitea suizidioa da. Printzipioez gain, eraginkortasun kontua ere bada. En Peu de Paun koordinatzen gara jendea kanpaina guztietan animatzeko, entrenatzeko, sustatzeko, indarkeriarik gabeko ekintzara. Guk ez ditugu kanpainak diseinatzen, ez borrokak koordinatzen: guk indarkeriarik eza sustatzen dugu independentziaren aldeko borroka guztietan.
Herritarrak errepresiorako prestatzen ari zarete? Espainiako estatuaren errepresioa zein neurriraino iritsiko dela uste duzue?
Lehenik salatu behar da Jordien kartzelaratzea. Injustua da, jende bakezalea zen, hain justu mugimendua indarkeriarik gabe izan bada, asko izan da euren mezuei esker eta sedizioa salaketarekin atxilo egotea! Nik nire burua haiek bezain sedizio-zaletzat daukat eta beraz kartzelan behar nuke, haiek bezala. Bi Jordien askatasuna eskatzen dugu.
Tankeak ateratzen badituzte prest gaude bandera zuriekin aurrean jartzeko eta gerra krimenak egitera behartzeko
Ez dut uste Espainiako estatuak tankeak aterako dituenik. Hanka-sartzea litzateke. Baina tankeak ateratzen badituzte prest gaude bandera zuriekin atera eta tankeen aurrean jartzeko. Eta ateratzen badira, gerra krimenak egitera behartzeko. Txarrenerako prestatzen ari gara, zer egin dezakegu ba? Orain arte ez, baina uste dut momenturen batean zentzuak aginduko diela baina frankismoa oso gogorra da, oso krudela zen. Frankismoak lurra erretzen zuen. Eta arrisku hori dugu. Eutsiko diogu.
Errepresioari aurre egiteko prestatzeko bost dekalogo atera dituzue eta seigarrena lantzen ari omen zara, kartzelaz.
Bi Jordien seme-alabek oso harro egon behar dute, beren gurasoak kartzelan daudelako eta nazioarteko giza eskubideen ohorezko kide izatera pasa direlako. Eskuburdinak jartzea, ohorezko domina bereizgarria jartzearen baliokidea da. Ohorea da kartzelan egotea, ni oso harro nago preso egon izana.
Kartzela gogorra da, han ez da ongi egoten. Baina eusten zaio. Beldurra galdu behar zaio, pertsona arruntak kartzelari eutsi ahal dio, beti ere, kondena urteen arabera, eta kartzelan urte asko egon ostean are indartuago atera zaitezke. Guk ez dugu uste kartzelan luze egon beharko dugunik, hilabetetan soilik egon beharko dugula espero dugu. Eta jendeak jakin behar du kartzelari hilabeteetan ongi eutsi ahal zaiola eta indartuago eta konbentzituago ateratzen zarela. Niri horrela gertatu zitzaidan.
Baina kondenak urte luzekoak dira...
Jordiek urtetan egon behar badute kartzelan, hobe egongo da kartzelan kalean baino! Hori gertatzen bada, kartzelak okupatzeko unea izango da. Beldurra kendu behar zaio kartzelari
Hori gure esku egongo da! Jordiek urtetan egon behar badute kartzelan, hobe egongo da kartzelan kalean baino! Hori gertatzen bada, kartzelak okupatzeko unea izango da. Beldurra kendu behar zaio kartzelari. Luther Kingek kartzelak pobreen unibertsitate bihurtu zituen. Gandhirekin 60.000 indiar egon ziren kartzelan. Zenbat preso eusteko gai izango da PPren Gobernua, lotsaz erori gabe, Europa lotsaz erori gabe? Espero dugu mutur horretaraino ez iristea, baina prest egon beharra dago. Borrokatzen ez baduzu hilda zaude; eta hemen bizirik gaude.
155. artikulua aplikatzen duenean Espainiako Gobernuak, desobedientzia zibila izango da estatuaren esku-hartzeari eusteko gakoa?
Jendea prestatzen ari da erresistentzia pasiboa egiteko, boikot leunerako, eta Kataluniako Gobernuak esaten duenaren araberakoa ere izango da, gu herri antolatua baikara, ez gara kalean topo egin dugun lau katu. Ideala ekintza bateratua litzateke. Ikusiko dugu antolatzen dutenek zer dioten, guk ez dugu antolatzen, guk indarkeriarik gabeko borrokarako erremintak ematen ditugu. Erakundeak eta Goberna dira zuzentzen dutenak.
Euskal Herrian independentzia borrokarako ahulaldian gaude. Kataluniari begiratzen diogu inbidia erosoz, ikusten dugulako emaitza jasotzetik oso oso gertu zaudetela, baina nagi handiz "ene, ederra datorkie...". Katalunian jendeak zergatik jarraitzen du aurrera?
Euskal Herriak jasandako errepresioa oso gogorra izan zen eta orain atsedenaldian dago. Nekatuta gaudenean horrek on egiten du, eta hausnartzeko baliatzea komeni da
Seguruenera, ez dugulako Euskal Herriak bezalako errepresio gogorrik jasan. Eta horrek lasaiago eusten gaitu. Euskal Herrikoa oso gogorra izan da, sufrimenduaren sozializazioa terriblea izan zen, eta errepresioa ere terriblea izan zen. Eusko Jaurlaritzak 5.000 tortura kasu zenbatu ditu! Horrek denak ondoren latza uzten du. Atsedenaldian dago Euskal Herria, eta nekatuta gaudenean horrek on egiten du, eta hausnartzeko baliatzea komeni da.
Kataluniako jendea kontziente da Espainiaren errepresio neurriaz?
Ez, ez duelako bizi izan. Jende gehienak ez du frankismoa bizi izan baina hori azkar ikasten da. PPren basakeria ezagututa, nik uste jendeak ongi erantzungo duela. Bazen uste zuenik ez genuela prezio handiegirik ordaindu beharko, baina dagoeneko bi lagun daude kartzelan. Orain ezin ditugu kartzelan usteltzen utzi, bi horiek aurrean zihoazen gu atzetik gindoazelako. Hori pixkanaka baina ikasi egiten da.
Askatasuna lortzen duten herriek bere duintasuna lortzen dute. Garrantzitsuena da jakitea zure duintasunak zer balio duen. Eta hortik aurrera, ekin
Askatasuna lortzen duten herriek bere duintasuna lortzen dute. Garrantzitsuena da jakitea zure duintasunak zer balio duen. Eta hortik aurrera, ekin. Lehen egunean ez diozu piztiari aurre egingo, baina pixkanaka ikusten duzu duintasuna jaten ari zaizkizula eta iristen da une bat etxean dagoen robota izango zarena, obeditzekoa. Eta ez gara obeditzeko jaio, jaio gara gure kontzientzia obeditzeko. Hori ere pixkanaka ikasten den zerbait da.
Duintasuna zer da?
Zure kontzientziari obeditzera zaramatzan zentzua, ez autoritateari edo legeei. Kontzientzia, guztiok barruan dugun justizia zentzua da. Kristauentzat Jainkoaren ahotsa da, pentsa. Pertsonak gara, burua dugu, beraz, obedientzia itsukoak ezik, gainerako denek dugu kontzientzia. Kontzientzia horrek behartzen zaitu bera obeditzera, pertsona izaten jarraitu nahi baduzu. Justiziaren zentzua unibertsala da. Eta askatasunaren bulkadarekin jaio gara. Eta deskubritzen duzunean askatasunaren borrokak duen bulkadaren indarra, hori ez duzu sekula ahanzten.