argia.eus
INPRIMATU
“Talka-neurriak” adostu ditu Eusko Jaurlaritzak nekazaritza sindikatuekin
  • Eusko Jaurlaritzak, sindikatuekin egindako bileran, hamar konpromiso hartu ditu. Bilera ontzat eman badute ere, hauteskundeak egitear direnez, denborarik eza azpimarratu dute sindikatuek. ENBAk adierazi du denbora gutxi dutela neurriak gauzatzeko, eta UAGAk nabarmendu du konpromisoak ezin direla “talka-neurritzat” hartu, epe laburrean ezin direlako bete.

ARGIA @argia 2024ko martxoaren 11
Arantxa Tapia bileran sindikatuetako ordezkariekin. Argazkia: www.irekia.euskadi.eus

Martxoaren 8an Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburua UAGA, EHNE Bizkaia, EHNE Gipuzkoa, ENBA Bizkaia eta ENBA Gipuzkoarekin elkartu zen. Sailburuak Eusko Jaurlaritzak hartuko dituen konpromisoen dekalogoa aurkeztu zien sindikatuei eta iragarritako neurriak adostu zituzten.

Jaurlaritzaren oharrak azaldu du txostenak “sektorea indartzera, berrikuntza sustatzera eta lehiakortasuna hobetzera bideratutako estrategia” aurkezten duela. Hiru hilean behin jarraipena egiteko egutegi bat ezarri dute, hartutako neurrien aurrerapena ebaluatzeko eta estrategiak beharren arabera doitzeko.

Sindikatuen balorazioak

ENBAk positiboki baloratu du Tapiarekin izandako batzarra. Adierazi du bezperan sindikatuetatik helarazitako eskaera gehienak jaso dituztela txostenean, “beti ere Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak direnak”. Gobernuaren agintaldia bukatu bitartean martxan jartzeko neurriak proposatu dizkietela azaldu du sindikatuak, eta beraien eskakizun asko jaso badituzte ere, nabarmendu du jakitun direla “denbora gutxi gelditzen zaiela gauzatzeko”. Gehitu du, Jaurlaritzaz gain, udalei eta aldundiei dagozkien gaiak ere hor daudela.

UAGAk azaldu du “talka-neurriak” deitu dietela aurkeztutako konpromisoei, baina haien ustez, “asko ezin dira talka-neurritzat hartu, epe ertainean lan egitea baitakarte, eta epe laburrean ezin dira gauzatu”. Gogorarazi du hauteskundeak deituta daudenez, Jaurlaritzak gehienez hiru hilabete iraungo duela eta proposamen horietako asko “tintontzian” gera daitezkeela.

Hauek dira Tapiaren Sailak jasotako hamar konpromisoak (osorik lotura honetan):

Agintari eskudunei erkidegoko araudia eskualdeetako errealitateetara egokitzeko eskatzea, ezarpen malguagoa bilatuz eta laguntzen kudeaketan burokrazia murriztuz, eta hirugarren herrialdeetako ekoizpenek erkidegoko ekoizpenei aplikatutako araudi bera betetzen dutela ziurtatuz.

Laguntzen kudeaketa eta izapidetzea erraztea.

Elikadura Katearen Legea EAEn eraginkortasunez ezartzen dela bermatzea.

Nekazaritza-lurraren erabilera eraginkorra eta iraunkorra sustatzea, epe luzerako produktibitatea bermatzeko.

Nekazaritzak eta abeltzaintzak oreka ekologikoan eta biodibertsitatean duen rolari buruzko kontzientziazioa bultzatzea. 

Belaunaldi berrientzako nekazaritza-sektorearen erakargarritasuna eta emakumeen lidergoa sustatzea, laguntza-programak berrikusita eta baliabideak eskuratzeko erraztasunak emanda.

Laguntza-sistema sektore- eta lurralde-errealitateetara egokitzea, finantza- eta teknika-euskarria eskainiz eta nekazaritzaren eta abeltzaintzaren garapen iraunkorra bultzatuz.

Artisau-eraldaketa eta tokiko produktuen erosketa bultzatzea, tokiko erosketari laguntzeko araudiak eta hitzarmenak sustatuz.

Nekazaritza-aseguruen sistema optimizatzea, estaldura zabalduz eta EAEren beharretara egokituz.

Berrikuntza teknologikoa eta praktika iraunkorrak sustatzea, produktibitatea hobetzeko eta ingurumen-inpaktuak murrizteko.