argia.eus
INPRIMATU
Ane eta Estitxu, Talka gune feminista okupatuko kideak
“Talka irudikatzeko, ederra da mugimendu feministak Adolfo Domínguez-en denda bat okupatzea”
  • Abenduaren 6an egin zuten publiko Gasteizko hainbat emakumek* Talka espazio feministaren okupazioa. Ia urtebete joan da Talka jaio zela, Alde Zaharreko Alava-Velasco jauregia okupatu zutenean. Okupazioak ez zuen luze iraun, legez kanpoko kaleratzea tarteko. Kolektiboa ez zen desegin, ordea. Gasteizek eta Alde Zaharrak "gune feminista okupatu" bat dute berriro ere. Proiektuko kide Ane eta Estitxurekin mintzatu gara (izenak ez dira egiazkoak) haien asmo eta gogoetei buruz.

Z. Oleaga @zoleaga1 2019ko abenduaren 13a

Zer helbururekin (bir)jaio da Talka?

Estitxu: Espaziotik harago doan proiektua da Talka, nahiz eta okupazioa oinarri izan. Emakume*, trans eta bolleren beharrak asetu nahi ditugu Talka feminismoz betez. Sistemari aurre egiteko estrategia kolektibo bat garatu nahi dugu, herri boterea. Instituzioek eta merkatuak feminismoa asimilatu nahi dute, eta Talka izenarekin adierazi nahi dugu gure borondate konfrontatiboa. Hortik egin nahi dugu politika: klase ikuspegi batetik, antiarrazismotik, antikapazitismotik. Arrakala bat sortu nahi dugu, arnasgune bat, baina ez sistemaren barnean hobeto bizirauteko: arrakalen baturak hautsiko du sistema osoa.

Ane: Errotik izan behar du antikapitalista. Kapitalismoaren barnean ezin gara aske izan, feminismoa ez da kabitzen kapitalismoaren barnean. Kapitalismoa saiatzen da herri mugimenduak erabiltzen bere mesedetan, feminismoarekin ere ari da ahaleginean, eta guk talka egin nahi dugu horrekin.

Ideia eta printzipio horiek zer praktiketan islatuko dira? Zer bizitza mota sustatu nahi duzue Talkan?

Ane: Auzoko emakume*, bollera eta transentzako elkargunea izatea nahi dugu, elkarzaintzarako eta erreferentziazko gune bat. Auzoarekin batera eraiki nahi dugu, orain arte oso harrera ona egin digute auzokideek, eta haiek proposatzen digutenari erantzun nahi diogu. Proiektu ez-mistoa gara, baina ekimen eta talde mistoekin lan egingo dugu, okupazio mugimenduan, auzoan edo feminismoan.

Estitxu: Herri mugimenduan eragin nahi dugu. Gimnasio bat sortzen ari gara, arrazoimen-gorputz dikotomia auzitan jartzeko helburuarekin. Liburutegia eta haurrentzako zaintza txokoa dira beste bi proiektu. Beharrak modu eraikitzaile batean asetu nahi ditugu. Horregatik erabili dugu “Ataketatik elkarbizitza” leloa.

Espazio okupatu ez-mistoa izango da Talka. Zer beharrei erantzun nahi diezue arlo horretan?

Estitxu: Okupazio mugimendua saretzea beharrezkoa ikusten dugu, baina horren barnean espazio ez-mistoek beharrezko izaten jarraitzen dute. Patriarkatua, genero-sexu dikotomia, lesbofobia, transfobia, arrazakeria... hori guztia indarrean dago gure hirian, gure mugimenduetan eta gure baitan. Gu kanpo uzten gaituzten espazio ez-misto gehiago ere sortu daiteke Talka barruan. Heteroak, zuriak... izateagatik ez baita gure espazioa izango. Adibidez BALA bolleren kolektiboa bertan batzen garenean edo emakume arrazializatuek espazioa hartzen dutenean.

Zer espazio mota da Talka fisikoki? Zer aukera du?

Ane: Aukera asko ematen du. Orain dela urtebete okupatu genuen Álava-Velasco jauregia baino askoz txikiagoa da, baina handia halere. Bi solairu ditu, eta igogailu bat! [barreak]. Azpiegitura oso egoera onean dago, garbitzea erraza izan zaigu.

Estitxu: Jauregia okupatu genuenean denbora luzea eskaini behar izan genion garbiketari eta egokitzeari, bigarren maila batean geratu ziren garatu nahi genituen proiektuak, halabeharrez. Orain, aldiz, zuzenean hasi ahal izan dugu ekimenak antolatzen eta proiektuak sustatzen. Bestalde, irisgarria da. Bilatzen genuen zerbait da, herri mugimenduetan eta espazio okupatuetan askotan arlo horretan gabeziak ditugulako.

Adolfo Domínguez arropa enpresaren denda izan zen lokala. Alde Zaharrean dago, Hedegile kalean. Nabarmendu duzuen gauzetariko bat izan da.

Ane: Kale osoak gentrifikazio prozesua bizi izan du urteetan. Birgaitze planek edo 21 Zabalgunearen politikek espekulazioa, enpresa handiak eta “kalitatezko” deitzen duten proiektuak sustatu dituzte. Haien artean Adolfo Domínguez. Bestalde, esan beharra dago ateak irekiak zeudela parez-pare, literalki [barreak]. Lokala hamar urte zeramatzan hutsik, hori auzokideek badakite.

Estitxu: Sinbolikoki, talka irudikatzeko ederra da mugimendu feministak Adolfo Domínguezen denda bat okupatu izana.

Abenduaren 6ko ostiralean egin zenuten publiko okupazioa, egun batzuk joan dira ordutik. Zer sentsazio duzue orain arte?

Ane: Momentuz oso bizipen positiboak izan ditugu. Auzokideen aldetik oro har jarrera ona, asko lagundu gaituzte. Egitarau bat genuen lotuta aurretik, eta horrek ere lagundu du.

Poliziaren presentziarik nabaritu duzue?

Ane: Zaintzak egiten ari gara momentuz, uneoro dago norbait Talkan. Udaltzainak maiz ari dira gure aurretik pasatzen, gu markatzen. Egun batean zazpi pertsona identifikatu zituzten, beste egun batean bi.

Jauregia okupatu zenuten garaian ez bezala, orain bada Gasteizen eta auzoan bertan, metro batzuetako distantzian, beste espazio feminista bat: Sorgiñenea emakumeen etxea. Harremanik izango duzue harekin?

Estitxu: Momentuz ez dugu haiekin hitz egin. Proiektu oso ezberdinak dira, paraleloki garatu daitezkeenak. Osagarriak izan daitezke une jakin batzuetan, baina ez estrategikoki: gure proiektua ez da emakumeen etxeak asetzen ez dituen beharrak asetzea, beste logika politikoa da da. Guk okupazioan eta autogestioan sinesten dugu, uste dugu kontraboterea eraikitzeko horrelako espazioak behar direla. Ildo politikak eta helburuak ezberdinak dira, beste jende batengana heldu nahi dugu. Instituzioen beharra duten proiektuetan ez dugu sinesten, nahiz eta ulertzen dugun instituzioek haien lana egin behar duten. Aurten bertan diru laguntzen %60 edo 70a kendu dio Udalak Sorgiñeneari.

Ane: Instituzioekin edo instituzioen pean aritzean boterea delegatzeko joera dugu, eta guk uste dugu kontraboterea guk geuk sortu behar dugula: auzo boterea, autodefentsa feminista... Instituzio askok feminismoa erabili nahi dute paparrean txapa morea jartzeko.

Ia urtebete joan da Talka jaio publikoki jaio zenetik Álava-Velasco jauregiaren okupazioarekin.

Estitxu: Igandean beteko da urtea. Modu ilegalean kanporatu gintuzten jauregi hartatik. Ospakizuna egingo dugu: argazki masiboa Talka ‘zaharrean’, kalejira, brindisa Talka ‘berrian’... Parte hartzeko gonbidapena luzatzen diegu herritar guztiei.