Gasteizko Alava-Velasco jauregia okupatu dute, "lapurtu dietena eskuratzeko asmoz".
Emakume talde batek Gasteizko Alde Zaharreko Alava-Velasco jauregia okupatu du, eta Talka "espazio feminista" bilakatu dute. Sistemari "gerra" deklaratu diotela adierazi dute ohar batean: "Badugu behar bat emakume, bollera eta trans bezala, gure gorputzak, bizipenak, borrokak, zalantzak eta harremanak lehen plano batean jartzeko. Erasotuak izatetik, margenetan bizitzetik, zentroak hartzera igaroko gara". Baliabideak euren esku hartu eta "proiektu berriak" abian jarriko dituztela jakinarazi dute: "Lapurtu digutena eskuratzera goaz".
Feminismoa "gatazka gabe" ezin dela ulertu esan dute, eta "talka" egitera doazela: "Feminismoa borroka da bere horretan eta zapalkuntza ororen kontra altxatzen da. Talka sortzen du ingurukoengan eta talka sortzen du sistemaren erroan". Egungo sistema kapitalista heteropatriarkalaren barruan ez direla seguru egongo eta hau "irauli arte" ez direla askeak izango azaldu dute: "Gure bizi eta gorputzak errekuperatzeko, sistema pitzatu egin behar dugu, bizitza eta zaintza erdigunean jartzeko sistemari planto egin behar diogu".
Horregatik guztiagatik, Talkak "oinarritik" lanean hasi nahi duela esan dute, "pixkanaka emakume, bollera eta trans ororentzat espazio bilakatzeko". Horretarako autogestioa, okupazioa eta autodefentsa feminista apustu irmoa dira ekinaldi feministarentzat: "Talka, herritik eta herriarentzat eginiko proiektu integral bat da".
Gaur asanblada eta auzolana egin ostean, hurrengo egunetarako deialdia ere egin dute; bihar auzolanarekin jarrituko dute eta asanblada deitu dute astearterako. Ertzaintzak horretan parte hartzen ari diren hainbat emakume identifikatu ditu.
Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.