argia.eus
INPRIMATU
Talibanek diote Afganistango lurraldearen %85 euren eskuetan dutela
  • Moskun egiten ari diren bisitan eman du berria talibanen ordezkaritza batek: herrialdeko 398 barrutietatik 250 kontrolatzen dituztela ziurtatu dute, eta Islam Qala mugako hiria aipatu dute zehatz-mehatz.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko uztailaren 09a

Moskun egiten ari diren bisitan eman du berria talibanen ordezkaritza batek: herrialdeko 398 barrutietatik 250 kontrolatzen dituztela ziurtatu dute, eta Islam Qala mugako hiria aipatu dute zehatz-mehatz.

Hiri honek Irango mugatik Txinaraino lurralde arku bat osatzen du eta Afganistan eta Iranen arteko merkataritzarako bide nagusia ere bada. Tariq Arian Afganistango Barne Ministerioko bozeramailearen arabera, Islam Qala berreskuratzeko ahaleginak egiten ari dira. Talibanen ordezkaritzak argi utzi nahi izan die Moskuko agintariei, ez dutela utziko euren lurraldetik atzerriko herrialdeei erasorik egiten.

Afganistango komandoek eta matxinatuek borroka egin dute aste honetan probintziako hiriburu batean lehen aldiz, eta milaka pertsonak Qala-i-Nawtik ihes egin dute, Badghis ipar-mendebaldeko probintzian. Aste honetan, mila soldadu afganiar baino gehiagok Tajikistanera ihes egin dute milizianoen erasoaren aurrean, Prensa Latina albiste agentzian irakurri daitekeenez.

Talibanak boteretik gertuago

2001ean inbaditu zuen Afganistan AEBtako armadak eta harrez gero bere herrialdea mende honetako gerra luzeenean sartu zuen. Joe Biden lehendakariak, dena den, iragarri du jada soldatu guztiak aterako dituela herrialdetik datorren irailaren 11 baino lehen. Uztailaren 7an AEBetako armadak Bagrameko aire-basea utzi zuen aldez aurretik horren ohartarazpenik egin gabe eta bertan 5.000 preso taliban utzita. Inbasioa hasi zenetik Bagrameko aire basea izan da amerikarren handiena herrialdean eta 10.000 soldatu ere bildu izan dira bertan.

Eta orain zer? Orain arte talibanek ez diote ekin hiriburuen aurkako erasoei, baina adituen esanetan denbora kontua besterik ez da, eta etorkizun hurbilean herrialde osoa talibanen esku izango dela uste da. Errusiak jakinarazi duenez, baldin eta inguruko herrialdeei eraso egiten ez bazaie, haiek ez dute Afganistango barne arazoetan parte hartuko. Atzerriko gobernuetatik India da Kabulgo gobernuari sostengu handiena ematen dion herrialdea.

Amnesty Internationalen esanetan, hogei urteko gerra honetan 150.000 pertsona hil dira eta 1,2 milioi pertsonak alde egin behar izan du herrialdetik. Wikipediako datuen arabera, nazioarteko koalizio inbaditzailean 3.500dik gora baja izan dira, horietatik 2.400 baino gehiago estatubatuarrak.