Ganz MaVag-ek adierazi du ez diola uko egiten etorkizunean tren-enpresa erosteko beste eskaintza bat egiteari. Talde hungariarraren ekintzari esker, Talgok eskaintza berriak entzun ditzake.
Ganz MaVag Europe Private Limited enpresa hungariarrak kenduko du Talgo tren-enpresaren %100 eskuratzeko egindako Erosteko Eskaintza Publikoa (EEP). Erabakia hartu dute abuztuaren 29an Budapesten partzuergoaren administrazio-kontseiluak izandako bileran. EEPa Talgo tren-enpresak ontzat eman bazuen ere, Espainiako Gobernuak “interes estrategikoak eta segurtasun nazionala babesteko” baztertu egin zuen eskaintza, eta Ganz MaVag-ek adierazi du Espainian eta Europan legezko akzioak hasiko dituztela eskaintzaren legitimitatea defendatzeko. Hala ere, Bruselara oraingoz ez da kexarik iritsi, ez talde hungariarraren ez Hungariako Gobernuaren partetik, El País egunkariak jaso duenez. Talde hungariarrak adierazi du ez diola uko egiten etorkizunean Talgo erosteko beste eskaintza bat egiteari.
Espainiako Gobernuak adierazi du "Bruselaren babesa sentitzen duela", Europako Batzordeak abuztuaren 29an adierazi duelako Espainiari dagokiola erabaki hori hartzea, eta ez dela beharrezkoa jakinaraztea Europar Batasuneko Exekutiboari: “Erabaki horien eskumena estatu kideena da”. Europar Batzordeko bozeramaile Francesca Dalboni-k nabarmendu du Europako legeriak aukera ematen dietela estatu kideei Europar Batasuneko zirkulazio askea "murrizteko", segurtasun publikoko arrazoiak oinarri hartuta, baina neurri horiek "justifikatuak eta proportzionatuak" izan behar direla, Efe agentziak informatu duenez.
EEPa kentzeari esker, Talgok eskaintza berriak entzun ditzake
Talgoren gertuko iturriek azaldu zuten tren-enpresak edozein urrats eman aurretik, Ganz MaVag-ek bere EEPa kentzea edo baldintzetan aldaketaren bat izan duela jakinarazi behar zuela. Talde hungariarrak behin EEPa kenduta, ez da beharrezkoa izango beste inbertitzaile batek Ganz MaVag-ek eskaini zuen 620 milioi euro inguruko eskaintza. Orain, Talgok bestelako aukerak bilatu behar ditu arazoa konpontzeko, eta bere akzioak saldu nahi dituen akziodun nagusi Trilantic-en irteera errazteko, La Vanguardiak informatu duenez.
Gaur egun Talgo erosteko interesa duen enpresa bakarra auto eta tren fabrikatzaile txekiar Skoda da, Europa Press agentziak informatu duenez. Talgok birritan uko egin zion Skoda-ri, talde hungariarraren eskaintzan interes handiagoa zuelako. Skoda-k ez zuen kapitala kontrolatzeko asmorik, eta Talgoren akziodun nagusiek akzioak saldu nahi dituzte, edo kapitalaren zati bat saldu eta ahalmen industriala handitu.
Moncloak bigarren plan bat du buruan, ”konfiantzazko" inbertitzaile pribatuen sarreran oinarritua, Vozpópuli komunikabidean informatu duenez. Horretarako aukera nagusia holding kataluniar Criteria Caixa dela adierazi du komunikabideak, eta konfiantza dutela Criteriak inbertsioaren erdia finantza-zati gisa bere gain hartzeko, eta industrialari batek beste erdia jartzeko. Industrialari hori Espainiako Estatukoa izan daiteke, edo Skoda txekiarra. Espainiako Gobernuarentzat aukerarik "mingarriena" Espainiako Estatuko Industria Partaidetzetarako Sozietatea (gazteleraz, SEPI) bezalako estatuko enpresetara jotzea litzatekeela adierazi du espainiar komunikabideak.
Gaur egun “lan-karga handia”
Talgoko Langile Komisioen ordezkari Kepa Alcainek adierazi du Ribabellosako (Araba) Talgo enpresako langileek –700 pertsonak lan egiten dute bertan– egoera dela eta “urduritasuna” dutela. Gaur egun “lan-karga handia” dutela esan du, eta lantegiak ezin duela “gehiago fabrikatu”. Talgoren zuzendaritzak merkataritza-akordioak proposatu ditu, lanak beste enpresa batzuetan azpikontratatzeko, egin gabe dauden entregekin garaiz iristeko. Enpresa horien artean Ganz MaVag-en Magyar Vagon eta Skoda egongo lirateke, bezero handiekin dituzten beharrak asetzeko aukera emango lioketenak.
Gaur egun, Talgok Deutsche Bahn tren-enpresa alemaniarrari –horren akziodun nagusia Alemaniako Gobernua da– “inoiz egin duten eskaerarik handiena” eman behar dio Vozpópuliren arabera, 56 tren eta 1.400 milioi euroko eskaera. Talgok Renfek ezarritako 166 milioi euroko zigor bat du –egunero 80.000 euro–, trenen entregan izandako atzerapenengatik, eta 2017. urtean eskatutako zortzi tren eman behar dizkio. Danke Statsbaner tren-enpresa danimarkarrari zortzi tren eman behar dizkio, eta Le Train enpresa pribatuari hamar abiadura handiko tren. Guztira 4.000 milioi inguruko eskaerak ditu Talgok.