argia.eus
INPRIMATU
Talentua dute barruan
  • Gazteek sormenerako duten gaitasuna eta ilusioa ikusteko aukera paregabea izan zen Barrutik Kanpora ikuskizuna, Bilboko Campos Antzokian. Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak urtero antolatzen duten Harrapazank programaren barruan, orain modan dauden talent show direlakoen antzeko lehiaketa egiten dute, 12 eta 18 urte bitarteko gazteak euskarazko aisialdira erakartzeko. Camposeko oholtzan batu ziren aurtengo edizioko onenak.

Dabi Piedra 2019ko azaroaren 06a
Argazkia: IƱigo Azkona / Topagunea

Publikoan 300 lagun baino gehiago, guraso, adiskide, ikaskide eta abar. Entsegu gogorren ostean, hitzordu serioa iritsi zen gazteentzat. Erritmo biziko ikuskizunean, dantza, kantua, musika, bertsoak, malabarismoak eta magia tartekatu zituzten, eta jendeak txaloz eskertu zuen neska-mutilen ahalegina. Talent-a badutela erakutsi zuten show eder hartan.

Mezu positiboz betetako ikuskizuna izan zen. Gazteek gustuko dantzak eta kantuak egokitu zituzten, gaur egungo joera musikalen inguruan dauden aurreiritziak apurtuz. Esate baterako, Ya no quiero ná abesti famatua Ez dot gura ezer bihurtuta abestu zuen Nagore Rondónek, 21 Taldearen koreografia energikoak lagunduta. Perfektaren dantza harrigarriak izan ziren Barrutik Kanpora ikuskizuneko beste une gorenetako bat. Hain gaztea izanik, agertokia betetzeko gauza izan zen bakar-bakarrik.

Eztanda taldearen kasua ere aipatzekoa da. Nagusien multzokoak dira hauek, Harrapazanken parte hartzeko adina ozta-ozta ez dute gainditzen. Baina, aurten eman dute izena lehenengoz, eta irabazi. Sariaren diruarekin, maketa prestatzen ari dira. Beren doinu eta erritmoek girotu zuten Camposeko arratsaldea.

Parte hartzaileen laguntzaile eta erreferente izan ziren, entseguetan zein ikuskizunean bertan, artista beteranoago batzuk. Iholdi Beristain, adibidez, ETBko Go!azen saioan ibilitakoa da, baina tartea hartu zuen Bilboko gazteekin batera agertokira igotzeko. Bestetik, Vera Alonso Harrapazankeko parte hartzaile izan zen nerabea zela, ondoren epaile ere aritu zen eta, oraingo honetan, oholtzara itzultzea egokitu zitzaion, kanturako dituen dohainak agertzeko. 2018an bere buruaz beste egin zuen Ekai Ondarroako gazte transexualari eskaini zion abestia Alonsok, adiskide eta bidelagun baitzuen. Momentu ederrez betetako ikuskizunean, hura izan zen hunkigarriena. 

2020an 15. edizio biribilera helduko da Harrapazank. Berriro hasiko dira kanporaketak, finalak, gaitasunak hobetzeko saioak... Dozenaka bilbotar gazte beren talentua erakusteko prest. Ea Barrutik Kanpora ikuskizuna berriz antolatzen duten, aurtengoak zapore gozoa utzi du eta.

 

 

Argazkia: Iñigo Azkona / Topagunea