argia.eus
INPRIMATU
Taldeko sexu erasoa salatu du 17 urteko neska batek Plentzian
  • 17 urteko getxoztarrak salatu du sexu erasoa jasan zuela larunbatetik iganderako gauean. Salaketa jarri du eta Ertzaintza ea talde bortxaketa izan den ari da ikertzen. Ez dago atxiloturik oraingoz.

ARGIA @argia 2021eko abuztuaren 30
Elkarretaratzea egin zuten igandean Plentzian. Argazkia: @mikel_bengo.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez,17 urteko neskak salaketa jarri du igandean (abuztuak 29) Plentziako ertzain etxean. Plentziako Udalak emandako informazioaren arabera erasoa 2:30ean gertatu zen eta Ertzaintza taldeko bortxaketa izan den ikertzen ari da.

Sorginen Alabak Plentzia eta Gorlizeko mugimendu feministak elkarretaratzea deitu zuen igande arratsalderako eta ehunka lagun bildu ziren Plentziako portu inguruan gertaera salatzeko. “Aski da!” leloa erabili zuten.

Plentziako Udaleko ordezkariak astelehen goizez bilduko dira gertaeraren gaineko komunikatua adosteko.

Beste eraso bat Lapurdin

Neska adingabe batek salatu zuen gizonezko batek ukituak egin eta sexu harremanak izateko eskatu ziola larunbatean. Itsasuko (Lapurdi) festetan gertatu zen erasoa, eta jai batzordea eta Femin HItza kolektiboak elkarretaratzea deitu zuten festetan behin eta berriz errepikatzen ari diren eraso sexistak salatzeko. Ehun lagun baino gehiago bildu ziren Mairie plazan, Ez Itsasun ez nehun lelopean.