argia.eus
INPRIMATU
Taldekideak irain homofoboa jaso ostean, joko-zelaia utzi du San Diego futbol talde osoak
  • Partidua irabazten ari zen San Diego Loyal futbol talde estatubatuarra, baina homosexuala dela publikoki esana duen jokalarietako batek aurkariarengandik irain homofoboa jaso eta azkar hartu zuen erabakia San Diegoko entrenatzaileak: zelaia berehala uzteko agindu zien bere jokalariei. “Hau futbola baino handiagoa da”, adierazi du klubak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko urriaren 02a

3-1 irabazten ari zitzaion San Diego taldea Phoenix Rising klubari, Collin Martin jokalariak irain homofoboa jaso zuenean. Zelaira atera zen bere entrenatzailea, eta arbitroak txartel gorria atera zion horregatik, baina ez zuen atzera egin: jokalariak aldageletara bidali zituen, eta taldekidearekiko elkartasunez, hala egin zuten San Diegoko futbolariek.

“Tira, futbolaren gauzak”

Arbitroarekin eta aurkarien entrenatzailearekin hitz egin zuen entrenatzaileak, erabakiaren zergatia azaltzeko. “Tira, futbolaren gauzak”, erantzun zion aurkarien entrenatzaileak, gertatutakoari garrantzia kenduz (bideo honetan entzun daiteke elkarrizketa). Baina garbi du klubak: “Hau futbola baino handiagoa da. Gure komunitatearekiko leialak gara, jokalariekiko leialak, zuzena denarekiko leialak”.

Jarrera onartezinen aurrean, planto

Jende askok txalotu du enpatia ariketa sare sozialetan. Azken finean, futbolean matxismo, arrazakeria, eta homofobia adibideak ugariak dira, eta halako jarrerak mozteko beharra aldarrikatzen dute gero eta ahots gehiagok. Jarrera horiek toleratzen dituzten klubei isun gogorrak ezartzea defendatzen du hainbatek, baina jarrera horiekiko mespretxuz planto egitea eta halakorik ez dutela onartuko garbi adieraztea ere eskatzen zaie jokalari eta klubei, eta hori da San Diegok egin duena.