"Equip de Resposta Tactica" (ERT) izeneko ustezko antolakundeko kide izateko "zantzuak" daudela dio epaileak. Abokatuek defentsen babesgabetasuna salatu dute. Espetxeratzeak salatzeko, mobilizazioak izan dira ostegun iluntzean Herrialde Katalanetan.
Espetxean dira ostegunean Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten Kataluniako CDRetako zazpi kideak. Fiskaltzak "talde terroristako kide" izatea egotzi die. TV3ek ostegunean zabaldu zuen leherkariak edukitzearen akusazioa baztertu egin zuela fiskaltzak, baina ez da horrela izan: "hondamena sortzeko konspiratzea eta lehergaiak izatea" ere egotzi die.
Auzitegi Nazionaleko Manuel García Castellón epaileak zazpiak espetxeratu ditu, behin-behinean eta fidantzarik gabe, aske uztea arriskutsua dela iritzita. CDRetako kideak “Equip de Resposta Tactica” (ERT) izeneko antolakundeko kideak izatearen “zantzuak” daudela dio Garcíak. Epailearen arabera, ERT "egitura hierarkizatua" da, "Kataluniako Errepublika ezarri nahi zuena edozein bidez baliatuta, biolentzia barne". Fiskaltzak ERTk "izaera terrorista" duela, eta bere helburua "ordena konstituzionala iraultzea eta bake soziala larriki haustea" dela esan du.
Babesgabetasuna
Alerta Solidàriako abokatuek informazio eza salatu dute, eta horrek defentsa babesgabe uzten duela. Ebazpenaren alde dispositiboa soilik helarazi diete, eta ondorioz ez dituzte akusatuei delituak egozteko erabiltzen dituzten frogak eta argudioak ezagutzen, helegitearen aukera ezerezten duena. "Babesgabe gaude. Espainiako Estatuak, bederatzi gatibu izan ordez, 16 ditu orain", adierazi du Alerta Solidàriako bozeramaile Xavier Pellicer-ek.
Herritarrak, “elkarren ondoan”
Ostegun iluntzean mobilizazioak izan ziren Herrialde Katalanetan. Espetxeratuak Sabadellen eta inguruko herrietan bizi ziren, eta Sabadellen milaka herritar elkartu ziren espetxeratuen askatasuna eskatzeko.
Ostegun arratsaldean ere, agerraldia egin zuten espetxeratuen senidek eta lagunek. Espetxeratuak ez dituztela "bakarrik utziko" ziurtatu eta herritarren "indarra" aldarrikatu zuten: "Kultura herritarra da urriaren 1a eraiki zuena, elkarren ondoan eta autoantolakuntzan mantentzen gaituena".
Aquesta és la meva gent, i ens defensarem fins al final. Que s'estengui la solidaritat, el combat continua i més viu que mai. Llibertat patriotes catalans. pic.twitter.com/ETpYoYjcYB
— Ferran Dotras (@FerranDotras) September 26, 2019