argia.eus
INPRIMATU
Talde kriminaleko partaide izatea leporatuta auzipetu dituzte Indar Gorriko 21 jarraitzaile
  • "Kontrako muturreko taldeen aurka borroka egiteko" beste hiri batzuetara joaten zirela esan du epaileak, baita Indar Gorriren izenaz "baliatzen" zirela ere.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko apirilaren 25a

21 lagun auzibideetara eraman ditu Iruñeko instrukzio epaitegiko bigarren gelak, Indar Gorriren izena "baliatuz" beste leku batzuetara joan eta "kontrako muturreko taldeen aurka borroka egiteagatik". Indar Gorri taldekoa izatea berez delitua ez dela zehaztu du epaileak, aitzitik 21 pertsona horiek zale taldea "haien asmoak kamuflatzeko" erabiltzen zutelakoan dago. 

Beste 11 lagunen kontrako auzia artxibatu egin du eta fiskaltzari eskatu dio 20 egunean akusazio idazkia egin edota artxibatzea eskatzeko. 

Geoposizionamendua eta bankuko kontuen jarraipena

Gertutik segitu ditu Poliziak 21 auzipetuen urratsak: Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak ikerketak eta zaintzak egin dituzte, telefonoak behatu dizkiete, bankuko kontuen mugimenduak, geoposizionamendua, dokumentazioa eta sakelakotik egindako deiak aztertu.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra