argia.eus
INPRIMATU
Talde immunitatea %2,4-%6,2 artekoa da Hego Euskal Herrian
  • Espainiako Carlos III. Osasun Institutuak ekainaren 4an aurkeztu ditu IgG antigorputzak neurtzen dituen ikerketaren bigarren fase edo olatuaren emaitzak (hemen ikerketaren emaitzak osorik kontsultatu daitezke). Lehen emaitzek erakutsi zuten talde immunitatea oso eskasa zela Hego Euskal Herrian, eta bigarren aldiz egin den testek gauza bera adierazi dute: Araban da kopuru hori altuena eta %6,2koa da, antzera Nafarroan: %6,4. Ia erdia Bizkaian, %3,7koa eta %2,6koa baino ez Gipuzkoan.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 05

Ikerketa honen ezaugarria da hiru alditan jende berberari egingo diotela seroprebalentzia testa, hau da, odola aterata koronabirusaren aurkako antigorputzak garatuta dituzten neurtuko dute. 60.000 pertsonatik gora dira testatuak izaten ari direnak eta bigarren fase honetan jende gehiagok hartu du parte, ikerketak herritarren artean izan duen harrera onaren seinale. Maiatzak 18tik ekainaren 1 artean egin dituzte bigarren fasearen testak eta hauek dira bigarren emaitzek emandako hainbat datu:

Araban %7,1ek zuen IgG antigorputza garatua ikerketaren lehen olatuan, eta %6,2k bigarrenean. "Serokonbertitutakoak", hau da, lehen aldian antigorputz hau eduki ez eta bigarren testean garatuta zutenak, nolabait immunitatea garatu duten kide berriak, %0,8 izan dira. Testeatutako kide kopurua 687 pertsona izan ziren lehen fasean eta 727 bigarrenean.

Nafarroan %5,8k zuen IgG antigorputza garatua ikerketaren lehen olatuan, eta %6,4k bigarren olatuan. Immunitatea garatu duten kide berriak %1 izan dira. Testeatutako herritar kopurua antzekoa izan da: 1.737 pertsonak parte hartu zuen lehen olatuan eta 1.755ek bigarrengoan.

Bizkaian %3,5ek zuen IgG antigorputza garatua ikerketaren lehen olatuan eta %3,7k bigarrenean. Immunitatea garatu duten kide berriak %0,4 izan dira. Testeatutako herritar kopurua 1.195 izan ziren lehen aldian eta 1.249 bigarrenean. Arreta deitzen du biztanle kopuruaren arabera test gutxiago egin dela Bizkaian.

Gipuzkoan %2,4k zuen IgG antigorputza garatua ikerketaren lehen olatuan eta %2,6k bigarrenean. Immunitatea garatu duten kide berriak %0,6 izan dira. Testeatutako kide kopurua 950 izan ziren lehen aldian eta 1.019 bigarrenean.

Hirutik batek oharkabean pasatu du birusa

Ikerketa honek emandako beste datuetako bat hauxe da: COVID-19az kutsatutakoen herena (%33) asintomatikoa da. Hau ondorioztatu dute, inongo sintomarik ez zuten arren IgG antigorputzak garatuta zituztelako testa egindakoen %2,8k.

PCR testetan positibo emandako %20ak ez du IgG antigorputzik ageri

EHUko ikerlariak Carlos III. Osasun Institutuaren ikerketa honetan parte hartzen ari dira, EAEn PCR probak eginaz. PCRaren emaitzak fidagarriagoak dira, IgG antigorputzak beharrean, birusaren genomak detektatzen dituelako eta pertsona batek birusaz kutsatzen denetik antigorputzak garatzen dituenera astebete pasa ohi delako. Zentzu horretan, esanguratsua da Carlos III.aren ikerketa honen bigarren olatuko emaitzen adierazten dutena: test serologikoa (odola aterata egiten dena, IgG antigorputzak neurtzen dituena) egin baino bi aste lehenago PCR testean positibo eman zutenek, hau da, birusa detektatu zietenek, %80ak ditu antigorputzak garatuta.

Hemen irakur daiteke EHUko ikerlari talde horren koordinatzaile Ugo Mayorri egindako elkarrizketa.

Albiste honetan jaso genuen ikerketaren lehen emaitzen berri: "Hego Euskal Herrian %4,4ko immunitatea eta kutsatutakoak datu ofizialek esandakoak baino lau bider gehiago".