Ostegun gauean emakume batek talde bortxaketa sufritu du Bilboko Etxebarria parkean. Ertzaintzak sei gizonezko atxilotu ditu Deustu inguruan, erasoa leporatuta. Arratsalderako mobilizazioa deitu du mugimendu feministak.
Erasotutako emakumeak hamazortzi urte ditu. Bera joan da erietxera eta eman du erasoaren berri. Atxilotutako gizonak hamazortzi eta 36 urte bitartekoak dira. Komisaldegian daude atxilo.
Bilboko Udalak oharra atera du, talde politiko guztien babesarekin. Etxeberria Parkeko "eraso matxista irmotasun osoz" salatu du Udalak. Erasoa sufritu duen emakumeari eta gertukoei babesa adierazi die.
Bilboko Udalaren iritziz, "Sexu eraso sexistek gizartean eta gure bizimoduan, arlo pribatuan zein publikoan, indarkeria matxista islatzen dute". Hori dela eta, "emakumeentzat errespetuzkoak ez diren mota guztietako jokabideak arbuiatzen ditu, keinu zein jarrera sexistak eta muturreko erasoak barne hartuta". Herritarrei dei egin die erasoen aurreran jarrera aktiboa hartzera: "Banakako eta taldeko erantzukizuna gure gain hartu behar dugu". Erasoa salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartuko duela iragarri du Udalak.
Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak ere adierazpena egin du: "Oraindik harritzen gara erasotzaileen zigorgabetasun sentimenduagatik, biktimen babesgabetasunagatik eta instituzioen erantzun eskasagatik. Beste biolentzia batzuen aurka egiteko ateratzen dute kemena, dirua eta borondate politikoa".
Mobilizazioa gaur
Ostegun gaueko talde bortxaketarekin batera, asteartean Bilboko Abando inguruan gertatutako bigarren bat ere salatu du Bilboko mugimendu feministak ohar batean. Kalea beldurrik gabe eta nahierara bizitzeko emakumeen eskubidea aldarrikatu dute. Erasoen ardura "erabat patriarkala den sistemak eta konplize diren instituzioek eta jendarteak” dutela salatu dute. Emakumeei euren buruak defendatzera dei egin diete; gizonei, "konplize” izateari usteko eta “norberaren zein ingurukoen jarrera misoginoen aurrean beste albo batera ez begiratzeko".
Mugimendu feministak kontzentrazioa antolatu du gaur arratsalderako, Arriaga plazan. "Nazkatuta gaude! Ezin gaituzue Isildu! Kaleak gureak dira! Erasorik ez, erantzunik gabe!", dio saretik zabaltzen ari den kartelak. "Hau ez da gure bakea!" idatzi du Bilboko mugimendu feministak Twitteren.
⚠️⚠️⚠️
— Bilboko Bilgune Feminista (@BilbokoBf) August 2, 2019
Emakume bat bortxatu dute Bilbon! Ez gaituzue isilduko! ▶️Gaur kontzentra Arriagan 19.30etan. Erasoen aurrean, antolakuntza feminista!! pic.twitter.com/dbYPvcW4q1