Etorkinak: Talaiaren arabera aldatzen da pertzepzioa

  • Krisi ekonomikoak eragindako egonezinek ez dute, beste herrialde batzuetan gertatu den bezala, atzerritik etorritakoengan bilatu pagaburua. Datuek diote ezetz, ez dela larritzeko moduko motiborik gurean, koadroa osorik ikusiz gero. Etorkinei buruz ditugun pertzepzioak estandarren barruan daude. Arrazakeria izan bada, ordea, orokortuta ez dagoen arren.


2012ko urtarrilaren 14an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12

“Jendeak armak hartuko ditu egunen batean eta justizia bere kontutik egiten hasiko da, epaileek eta batez ere politikariek ez baldin badute konpontzen ez bakarrik Euskadi, Espainia guztia hondatzen ari den problema larri hau (…) Auzo horretako bizilagunak animatu nahi ditut, desanima ez daitezen, kontrara, utz diezaiotela ertzainei deitzeari, eta egin dezatela egin beharreko guztia kanpotik etorri den zabor horrekin” (Thor, 2011ko azaroaren 22a). “Errenteriako bizilaguna naiz, eta egia da Iztietako auzoak nazka ematen duela dabilen jendaila horrekin. Eta zer egiten du Ertzaintzak… Udaltzaingoak… Udalak… ??? EZER ERE EZ!!! Iruditzen zait honek oso gaizki bukatu behar duela, jendea lehertu egingo delako. Eta espero dut SOS Arrazakeriakoak isilik egongo direla eta ez dutela defendatuko defendaezina dena. Ze, hemen bizi garenok oso garbi ikusten dugu problemak magrebtarrek sortzen dituztela. Inor ez da kexatzen auzo berean bizi den koloreko beste jendeaz, eta asko daude. Zergatik ote, SOS Arrazakeria?” (Mikel83, 2011ko azaroaren 24a). “Duela astebete neronek ohartarazi nuen nolako degradazioa zekarkion auzo horri PSOEk baimendutako meskitaren ezartzeak, lokutorioak, te-dendak eta antzerako negozio-estalkiak jartzeak eta abar (...) Iztietako eta Errenteriako bizilagunek ez dute zertan irentsi Zibilizazioen Kultura gaizki deitu horren fruitu den kaka hori” (Imanoldonostia, 2011ko azaroaren 22a). El Diario Vascoren webgunean ikusitako iruzkinak dira –gaztelaniaz idatzita zeuden jatorrizkoak–; horien goian irakur daitekeen albistearen titularrak zera dio: “Bizilagunek salatu dute Errenteriako Iztieta auzoa ‘infernua’ dela”. Auzotar batzuen adierazpenek bete dute notiziaren gorputza. Ez direla seguru sentitzen esaten dute, delinkuentzia-giroa nagusi dela bizi diren kaleetan. Artikulua gertakari tragiko baten ondorioz atera da periodikoan, gizon bat hil zen 2011ko azaroan Mesón Extremeño tabernan izandako eztabaida gogor baten ondoren bihotzekoak jota. Baina gertakizun horretatik harago, auzoan zabaldu diren negozio batzuk ere seinalatu dituzte Gurekin auzo-elkarteko kideek, haien inguruan sortzen baitira, beraien ustez, auzoa hondoratzen ari diren egoerak: borrokak, prostituzioa, lapurretak, droga-trafikoa...

Ez da “etorkin” hitza aipatzen, ezta sinonimorik ere artikuluan behintzat; albisteak dauzkan erantzunen tonuari erreparatzea besterik ez dago ordea, batzuek arazoa non eta batez ere norengan ikusten duten konturatzeko. Pertsona zehatzen arteko problema batek komunitate oso bat jarri du zenbaiten dianan eta komunitate hori etorkina da –magrebtarra batez ere, bigarren iruzkinari kasu eginez gero–. Ez da Iztieta horrelako afera batengatik prentsan azaldu den lehenengo aldia. Bi urte lehenago ere, lapurreta eta bortxaketa saio baten ostean asko nahasi zen giroa Errenteriako auzo berean, etorkinen denden aurrean elkarretaratzeak egin zituzten bizilagun batzuek hainbat egunez, ehunka lagun haserre, irainak eta erasoak, giro estua.

Krisi garaiak aproposak izan ohi dira horrelakoak sortu eta ugaritzeko. Aski da ezinegon soziala gizartearen sektore baten kontra bideratzea –eta ez preseski ezinegon hori eragin duena– Iztietakoa bezalako gertakariak ikusten hasteko. Baina krisiarekin edo gabe, gutxien espero den lekuan aurkituko du begi zoliak –edo ez hain zoliak– arrazakeria arrastorik. Iazko martxoan SOS Arrazakeriak ikerketa sinple-sinplea egin zuen Bilboko zenbait tabernatan: lokal berdinetara bikote beltz, arabiar eta zuri bana sartzen saiatzea eta emandako erantzunak grabatzea. Every izeneko tabernan ez zieten beltzei, marokoarrei eta latinoei sartzen utzi. Big Benen beltzei eta marokoarrei. Weekenderren marokoarrei. El tres: marokoarrei. El bongo loco: marokoarrei. Divino Cieloko San Pedrok atea itxi zien beltzei eta marokoarrei, Jainkoak ez, baina lokalaren politikak hala agintzen zuela argudiatuta. El Galeón: marokoarrak eta arjeriarrak. La Otxoa: denak doan sartu ziren, marokoarrak izan ezik, haiei sarrera ordaintzeko eskatu zieten. Charol-en –bederatzigarren tabernan– bakarrik sartu ahal izan ziren guztiak; sexuaren arabera bakarrik diskriminatzen dute taberna horretan, gizonek ordaintzen dute, emakumeek ez.

Etorkinen pertzepzioari buruzko datuak

Kasuok kezkatzeko modukoak dira, baina zenbateraino daude zabalduta halako jarrerak Euskal Herrian? Arrazakeria gorantz doala pentsatzeko motiborik ba ote dago? Zehatzago idazteko borondatez jo dugu Ikuspegi@k gizarte gaien behatokira. Duela gutxi argitaratu dute EAEko immigrazioari buruzko 2010eko urtekaria eta azpimarragailua gastatzeko moduko datuak eskaini ditu; besteak beste, atzerritik etorritako pertsonen kopurua jaisten hasi zela duela bi urte eta iaz ere beheranzko joera hori mantendu dela. Azken bost urteetan hori gertatzen den lehenbiziko aldia da eta krisi ekonomikoa seinalatu dute gutxitze hori eragin duten faktoreen artean.

Kopuruak gorabehera, etorkinez dauden pertzepzioak izan ditugu mintzagai Gorka Moreno EHUko soziologia irakaslearekin. Berak koordinatu du, Xabier Aierdirekin batera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako immigrazioari buruzko txostena. Lan mardul horrek eskaintzen dituen datu ugarietatik bat, herritarren %15,4k immigrazioa problematzat jotzen duela. Portzentaje kezkagarria? “Ez, egia esateko mota honetako inkestak Espainiako Estatuan ere egiten dira eta datuak antzekoak dira”. Hobexeagoak ere badira, Morenoren esanetan, EAEko zenbakiak. Pertzepzio horiek hainbat faktorek eraginda sor daitezkeela azaldu du, besteak beste, leku batean bizi den etorkinen kopurua eta krisi ekonomikoak leku horretan duen inpaktua. Eta, alde horretatik, Hego Euskal Herria ez dabil, momentuz behintzat, Espainiako Estatuko hainbat zonalde bezain larri. “Krisiarekin detektatu genuen 2010ean datuek zer edo zer okerrera egiten zutela, baina laster publikatuko dugun 2011ko barometroan ematen du, 2010. urtearekin konparatuta, hobetu egin direla”.

Ikuspegi funtzionalista

“Etor daitezela, baina lan egitera” esaldiarekin laburbilduko litzateke txostenetik ateratzen den beste ondorio bat. Etorkinak beharrerako gaitasunagatik baloratu izan dira nagusiki eta hala gertatzen da oraindik ere; herritarren %44,9k uste du hainbat sektoretan lan egiteko premiazkoak direla eta askok uste du (%47,1ek) atzerritarrek egiten dituzten lanak bertakoek egin nahi ez dituztenak direla. “Beste galdera bat ere badago, ea zein etorkinek izan beharko luketen egoitza-baimena. Erantzuna: enplegua daukatenak. Inkestatu gehienei berdin zaie gainontzekoa, enplegua baldin badaukate gelditu daitezke gurekin. Dena den, hori ere ez zait kezkagarria iruditzen –dio Morenok– askotan kontrajartzen dira ikuspegi funtzionalista –lan merkatuari loturikoa– eta giza eskubideetan oinarritzen dena, baina etorkinak hona lan egitera etortzen dira, eta hemen lan aukerak daude. Zentzu horretan, guztiz normala iruditzen zait elementu funtzional hori barneratuta egotea eta batzuetan erabili beharko da; azken finean, EAEk daukan ongizate maila mantendu nahi badu, ikuspuntu demografiko batetik, ezinbestekoak dira etorkinak”.

Lanpostuen gaia garrantzitsua da herritarren jarrera zehazterakoan. Sinplifikatuta azaltzeko, bertan jaiotakoen egoera ekonomikoa zenbat eta hurbilago egon etorkinenetik, orduan eta okerragoa da atzerritarrenganako pertzepzioa. Lan prekarioak dituztenak, langabezian daudenak, gizarte-laguntzak jasotzen dituztenak... agertzen dira ikerketetan immigranteak begi txarrenez ikusten dituztenen artean. Morenok dioenez, kolektibo horientzat etorkinak lehiakideak dira, gizartearen estratu berean daudelako, “eta alderantziz, oso nabaria da, eta ez da kasualitatea, klase ertainen artean etorkinenganako iritzia baikorra izatea. Zergatik? Klase ertainentzat etorkinek abantailak bakarrik dakartzatelako: klase ertaineko emakume asko lan merkatuan sartzearekin batera, etorkinek bete dute etxeko hutsunea oso diru gutxiren truke; gainera, lan merkatuari begira ez dira inondik inora konpetentzia; beraz, oso erraza da diskurtso inpekablea erabiltzea, etorkinek abantailak bakarrik ekartzen dizkietelako”. Beste aldearentzat berriz, etorkinak problema objektiboa direla dio Morenok: immigranteek lan prekarioak egiten baldin badituzte, bertan jaiotakoek aukera gutxiago dituzte.

Datuak vs. historiak

Ikerketek kezkatzeko motiborik ematen ez badute ere, prentsa irakurle arruntaren alarmak behin baino gehiagotan pizten dira etorkinen gaia nola lantzen den ikusita –eta batez ere, horrek jendearen ikuspegia nola distortsiona dezakeen pentsatuta–. Iztietako kasua aipatuz hasi dugu erreportajea eta, gatazka horretan hedabide batzuek su-piztaile lana bete dutela esatea ez da larregikeria. Errenteriako Udalak berak eskatu behar izan zien medioei zentzuz jokatzeko. Ez ziren exijentzia handiegiak: iturriak egiaztatzea eta gaia ikuspuntu guztietatik jorratzea, gertaerak sinplifikatu gabe; edozein kazetarik egin beharko lukeena, ez gai arantzatsuekin bakarrik, edozeinekin baizik. Baina hemerotekak hor daude, gutxiegitan egiten dela frogatzeko.

Morenok azaldu du beste problema bat ere badagoela. “Gai hauek lantzen dituen kazetari batek esaten zidan: ‘Guk ez ditugu datuak nahi, guk historiak nahi ditugu’”. Egunkariak saldu egin behar direla, alegia, eta bizikidetza harmoniatsuak ez duela horretan asko laguntzen. “Txakurrak umeari hozka egitea ez da albiste, umeak txakurrari hozka egitea bai” dio kazetaritzaren maximetako batek. Ezohikoa, anormala bilatzen dugu artikuluak idazteko, baina beti daude gainditu ezin diren, edo gainditu beharko ez liratekeen mugak. Etorkinen kasuan, jatorri atzerritarra delituekin lotzea da horietako bat. Ez beharbada modu zuzenean, “X herrialdetatik etorritakoek lapurretak egiten dituzte” esanez, baina delituen berri ematean gaizkilearen jatorria seinalatuz eta beraz, inplizituki, delitua egin duen pertsonatik harago, komunitate osoa seinalatuz. “Komunikabideen papera arriskutsua izan daiteke baldin eta anormala normaltzat jotzen badute edo gutxiengoa dena gehiengotzat jotzen badute. Horrek, noski, inpaktu zuzena dauka iritzi publikoarengan”. Berak uste du egin daitekeela eta egiten dela bestelako kazetaritzarik. “Ze, zuk historiak nahi badituzu immigrazioaren inguruko gauza baikorrak ere saldu ditzakezu, hainbat komunikabidetan egiten ari da, Kolonbiatik edo Ekuadorretik etorri den emakume baten bizitza, adibidez, eta nola zaintzen dituen gure adinekoak. Erakutsi daiteke zein gogorra den euren bizitza ere, zein onuragarriak eta beharrezkoak diren...”.


Azkenak
Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Eguneraketa berriak daude