argia.eus
INPRIMATU
Talaimendiko txaletaren irregulartasunek ez dute etenik
  • Orio eta Zarautz artean, Talaimendin eraikitzen ari diren txaletaren hamaikagarren irregulartasuna salatu du Alberto Uriona kazetariak. Azken horretan, Aiako Udalak —EAJren esku— txaleterako sarrera bidea modu irregularrean legeztatu duela dio A la contra blogean.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko martxoaren 15a
Talaimendiko txaleta. (Arg.: A la contra)

Maite Garrastazu Zarautzeko EAJko zinegotzia ari da txaleta eraikitzen, eta Lurren Legea hausten duela salatu dute. Eraikuntza babes bereziko landa gunean dago, baita igarobide ekologiko batean ere. Hala, egoera kaskarrean legokeen baserri bat berreraikitzea baimentzen du soilik legeak.

Txalet berria baserri zaharra baino 2,5 aldiz handiagoa da, eta baserriaren jatorriko lekutik 200 metrora eraiki dute. Eraikuntza baimena eskatu zenean 2010ean bizitoki bezala aurkeztu zuten, baina sukalde industriala, eta hamaika gela —bakoitza bere komunarekin— dituenez, hotel bat eraikitzen ari direla salatu dute. Gainera, eraikuntza ingurua hesitu, eta mendira igotzea galarazi dute.

Hala ere, Udalak eraikuntza legeztatu du, eta horrek kexa ugari sorrarazi ditu. Eraikuntzak hainbat prozesu judizial eta administratibo izan ditu, besteak beste, Udala espediente urbanistikoa ematea ukatzeagatik Ertzaintzari eta salatzaileei. Azken salaketa, baina, sarbidearen kontura ezarri diote.

Txaleterako sarbidea lizentzia gabe eraiki zuten, eta abuztuan, obra amaituta zegoenean, Udalak lanak geldiarazi zituen. Abenduan, ordea, berme teknikorik eman gabe eta baldintza bakarra jarrita, aparkamendu plazak murriztea, sarbidea legeztatu zuen. Garrastazu familiak ez du baldintza bete, eta hilabeteko epean bete ezean, 600 euroko isuna ezarriko dio Udalak.