Hainbat emakume subiranista, independentista eta ezkertiarrek Talaia Feminista abiatu dute. Aldizkako argitalpena izango da, eta Euskal Herriko estatu feminista sortzeko trantsizioan lagundu nahi du.
"Euskal Herria estatu feminista egingo badugu, prozesu baten emaitza izango da. Prozesu horrek egiturak behar ditu, egituratua izan behar du. Prozesu horretan ari garenok tresnak behar ditugu, eta hau bat izango da". Hitz horiekin laburbildu dute zer izango den Talaia Feminista. Sortze prozesuan dagoen tresnaren gainean jarduteko eta berau aurkezteko, larunbatean bildu ziren 80 emakume subiranista, independentista eta ezkertiar. Bi aspektuk batzen ditu guztiak, Berriak jasotako adierazpenen bidez ondorioztatu daitekeenez: "Ez dugu eztabaidatzen Euskal Herrian estatu feminista bat nahi dugun. Nahi dugu, eta horregatik batu gara. Ez dugu eztabaidatzen feministak garen. Feministak gara".
Sortzera doazena eragile berri bat ez dela jakinarazi dute. Zehazki, Talaia Feminista txostena izango dela argitu dute. Oraindik erabakitzear dute txostenaren argitalpen maiztasuna, baina egitura zehaztu diote: bi atal izango ditu, perspektiba feministatik Euskal Herriaren koiunturaren azterketa egingo du batak, eta Euskal Herriko trantsizio feministaren azterketa besteak. Euskal estatu feministaren bidean trantsizio feminista gauzatzeko tresna izan nahi luke. Beren arabera, "interpelaziorako eta intzidentziarako tresna izan daiteke. Bide bat egiteko anbizioa du, eta eztabaida politiko eta sozialean eragitekoa".
Larunbateko saioa probestu zuten txostenari eskatu beharrekoak zehazten hasteko. Abiapuntu bezala, sistema kapitalista heteropatriarkalak bost dimentsiotan duen adierazpenaz jardun zuten, Euskal Herrian kokatuta. Estatu egiturak, ekosistema edo lurraldea, indarkeria matxista, lana eta ideologia izan ziren aztertutako dimentsioak; gaian adituak entzun zituzten aurrena –hurrenez hurren, Laura Gómez, Mirene Begiristain, Zaloa Basabe, Jone Etxeberria eta Oihana Etxebarrieta–, eta ostean eztabaidarako lantaldeak eratu zituzten, txostenari zer eskatu xerkatzeko helburuarekin.
Ondorio nagusiak mahaigaineratuaz eta aurrera begirako lan ildoak zehaztuta eman zioten amaiera saioari: erabaki dute talde bat sortzea, datorren urterako lehen txostena argitaratzeko helburuarekin.