argia.eus
INPRIMATU
Euskara Nafarroan
Tafallan, Lodosan eta Caparroso-Azkoienen D ereduko lerroak zabalduko dituzte 2016-17 ikasturtean
  • Euskarazko ereduan 77 aurrematrikulazio jaso dituzte Euskararen Legearen araberako eremu ez euskaldunean. Nafarroa osoan, ikasle berrien %29,49 eman dute izena D ereduan.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko otsailaren 26a
Lehenbiziz, Nafarroa osoko haurrek izan dute D ereduan ekiteko aukera sare publikoan. (Arg.: erreka.org)

Euskararen Legearen araberako eremu ez euskaldunean izena D ereduan eman duten 77 haurretatik 40 hiru urtekoak dira, eta 37 beste mailetakoak. Horiez gain, eremu ez euskalduneko beste 52 haur eremu mistoan aurrematrikulatu dituzte, handik gertu bizi direla eta, zehazki Lizarran, Garesen, eta Iruñerrian.

D eredu publikoaren sorrerak ez du matrikula beherakadarik eragin legearen araberako eremu ez euskalduneko ikastola itunpekoetan: 73 aurrematrikulazio jaso dituzte orotara. Datua azken urteotakoen oso antzekoa da. Horretaz gain, eremu ez euskalduneko 23 haurrek eremu mistoko ikastoletan eman dute izena. Beraz, bi sareak aintzat hartuz, eremu ez euskaldunean 188 haur aurrematrikulatu dituzte D ereduan. Iaz 126 izan ziren.

Hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendozak nabarmendu duenez, “hezkuntza derrigorrezkoa bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko eskubidea Nafarroa osoan bermatzen den lehen aldia da”. Mendozak azaldu du dagoeneko harremanetan jarri direla D eredua zabalduko duten ikastetxeetako zuzendaritzarekin eta familiei beharrezkoa den informazio guztia emanen dietela.

Nafarroa osoan, %29,49 D ereduan

2013an jaiotako 6.075 haurretatik 5.866 aurrematrikulatu dituzte. Ikasleen %29,49 euskarazko D eredura joanen dira; eta %70,51  G eta A ereduetara. G gaztelera hutsezkoa da. A ereduan euskara ikasgai moduan dute. Baina A ereduko datu bereizirik ez dute eskaini. Bestalde, 3.530 haurren familiek sare publikoaren aldeko apustua egin dute, eta 2.262k itunpekoaren aldekoa.