argia.eus
INPRIMATU
Tafallako alkatea inputatu dute presoen eta iheslarien aldeko pankarta bategatik
  • Herriko festetan udaletxeko balkoian zintzilik zegoen pankartarekin “terrorismoa goratzea” leporatu diote Tafallako alkate Arturo Goldarazenari (EH Bildu). Auzitegi Nagusian deklaratu beharko du urriaren 14an.

Garazi Zabaleta 2015eko irailaren 18a
Abuztuaren 14an, festetako txupinazoan "Preso eta iheslari politikoak etxera" zioen pankartagatik "terrorismoa goratzea" leporatu diote Goldarazenari (argazkia: pamplonaactual.com)

Goldarazena “agintari gorena” izanagatik, udaletxe aurrealdean pankarta jartzen utzi izana leporatu diote. Abuztuaren 14an, festetako txupinazoan, “Preso eta iheslari politikoak Etxera” zioen pankarta zegoen zintzilikatuta. Juan Pablo Gonzalez auzitegiko titularrak Fiskaltzak jarritako salaketa aztertzeko beharra ikusi du, “arau-hauste penala” egon daitekeelako tartean, bere ustez.

Aurreko urteetan pankarta bera, ondoriorik gabe

EH Bilduk salatu du azken urteetan antzeko pankartak jarri direla udaletxean festetako txupinazoan, eta inoiz ez dutela alkaterik inputatu horregatik. Azken hiru urteetan, UPNren udal gobernua indarrean zela, aurtengoaren pankarta ia berdina egon da zintzilikatuta, bere esanetan. Koalizioak salatu du “auzitegiak alkatetzaren kolorearen arabera jokatzen” duela.