Tafallan eta inguruko herrietan izandako uholde larrien ondoren, herria normaltasunera itzultzeko lanekin jarraitzen dute. Auzolanean ari dira lokaztutako kaleak eta etxeak garbitzen eta Euskal Herri osoko jendeari laguntza eskatu diote.
Tafallako Udalak Twitter bidez jakinarazi duenez, 9:00etan eta 16:00etan dira auzolanerako hitzorduak herriko plazan. Bertara joaten direnei eskatu diete palak, eskularruak, eskorgak, erratzak eta garbiketarako beharrezkoa den beste edozein material ere eramateko.
Herrira joan ezin duenak laguntza ekonomikoa eman dezake. Horretarako, ondorengo kontu korrontean egin daitezke diru-ekarpenak, Tafallako Udalak jakinarazi duenez: ES85 2100 3696 6122 1015 1810.
Euskalerria Irratiak jaso duenez, 15 milioi euroko galerak eragin dituzte euriteen ondorioz izan diren txikizioek.