Baliteke ostegun eguerdian piztutako suak jadanik 2.000 hektarea baino gehiago erre izana Tafalla eta Puiu artean. Suhiltzaileek gau osoa lanean jarraituko zutela jakinarazi zuten ilunabarrean, haize gogorraren treguaren zain.
AP-15ean gidari batek botatako zigarro baten hondakinak izan ei dira Nafarroan azkenaldian izandako sute handiena piztearen kausa. Ostegunean 14:30ak inguruan hasi zen zabaltzen eta haize gogorrak bizkor barreiatu ditu sugarrak, errepide eta kanalak aisa igaroz. Hiru ordutan hamar kilometro egin zituen momentu arriskutsuenetako batean, Artaxoara branka jarrita.
Nafarroako Gobernuak baliabide guztiak jarri ditu sua kontrolatu ahal izateko –18 dotaziotako 60 suhiltzaile– eta Madrilek ere hegazkinak, ibilgailuak eta militarrak bidali ditu ingurura, Zaragozatik esaterako –Gipuzkoa eta Arabako suhiltzaileen laguntzarik ez da behar izan momentuz–. Bestalde, herritar eta nekazari ugari ere lanean jardun dira sutea itzaltzeko zereginetan.
Arratsaldean suteak utzitako ke lorratza Iruñerritik ere ikus zitekeen eta sateliteko argazkiek hondamendiaren tamaina erakusten zuten sare sozialetan:
Sutea Mañerutik pic.twitter.com/UVtEC8Mlbd
— Garesko Auzalan (@garesko_auzalan) 2016(e)ko abuztuak 25
El incendio de Tafalla ya es visible en las imágenes del satélite Aqua #IFTafalla. Por favor, precaución en el monte pic.twitter.com/VzvdKzpT4P
— Nahúm M. Chazarra (@nchazarra) 2016(e)ko abuztuak 25
Imágenes IR039 del #IFTafalla de las 17:35 y 21:00 HL Nuestro ánimo a @BomberosNavarra @UMEgob @policiaforal_na pic.twitter.com/Jsptwy1iQs
— AEMET_Aragón (@AEMET_Aragon) 2016(e)ko abuztuak 25
Nafarroak Babes Zibilaren esanetan baina, baliteke erretako eremuak uste baino kalte gutxiago edukitzea, sutea azkar igaro baita sasi eta arboletatik eta magal asko salbu geratu baitira orografia korapilatsuaren ondorioz.
Nolanahi ere, gauean suteak 6 kilometroko bi fronte marrazten zituen eta kontrolik gabe jarraitzen zuen. Suhiltzaileen itxaropena da ostiralean haizeak baretzea, hezetasunak apenas igoko duen arren.
Azken urteetan Euskal Herrian izandako suterik handiena litzateke honakoa. Nafarroan urtean 400 sutetik gora izaten dira eta orotara batez beste 635 hektarea erretzen dituzte. Bada sute bakar honek kopuru hori hirukoiztu egin du.