argia.eus
INPRIMATU
Tafalla eta Puiu arteko sutea egonkortzen ari dela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak
  • Orain artean ia 3.000 hektarea erre dira. Puiutik Añorbera doan frontea kontrolpean dute, eta Artaxoara doan su ilaran ari dira lanean hegazkinak.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko abuztuaren 26a
Suteak 2.300 eta 2.600 hektarea artean erre ditu [Argazkia: @eitb]

Ostegun eguerdian zigarro baten hondakinek piztutako sutea “egonkortzen” ari dela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak. Horretarako, suhiltzaileen 18 talde aritu dira lanean gauean, eta aireko laguntza gehitu zaie 8:30ak aldera: hiru hegazkin, hiru abioneta eta bi ur hegazkin abiatu dira. Egunaren lehen orduetarako haize gutxi dago iragarrita, eta horrek lana erraztu dezake.

Seina kilometroko bi fronte ditu suteak. Eskuinekoa, Puiutik Añorbera doana, kontrolpean dutela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak. Orain, Artaxoara doana ezkerreko frontea kontrolatu nahian dabiltza hegazkinak, eremua bustiz.

Guztira ia 3.000 hektarea erre dira orain artean, baina Nafarroako Gobernuak kalteak jasan dituen eremua txikiagoa izatea espero du. Hiru hamarkadetan lur eremu zabalena kiskaldu duen sutea da hau, edo bestela esanda, ohiko urte batean uda osoan kiskaltzen den lur eremua erre da egun bakarrean. Herritarrei eskatu die kontuz ibiltzeko, sute gehiago piztu ez daitezen. Hirigunetik urrun zegoen etxe bat erre da Artaxoan, baina sutearen ondorioz ez da inor zauritu.