Hainbat adituk begi onez hartu du Bretainiako Roazhon hirian hartu berri duten neurria. Bordeleko Udala ere taberna eta jatetxeetako langileei galderak egiten hasiko zaizkie, antzeko neurriak hartzeko asmoz.
Roazhon taberna eta jatetxeetako terrazetan berogailuak debekatu dituen lehen hiri bihurtu da asteazkenean, 2020. urtea hastearekin batera. “Erronka ekologikoarekin, eredugarriak izan behar dugu espazio publikoaren erabileran”, esan du Marc Hervé alkateordeak. Ekainean hartutako erabakiak gehiengo zabala bildu zuen.
La Vanguardiak argitaratutako artikuluaren arabera, aditu asko ados dago debeku horrekin, eta uste dute gainontzeko hiriek ere neurri bera hartu beharko luketela, atmosfera berotzen duten emisioak saihesteko, eta klima larrialdia existitzen denaren aurkako jarduera adibide izan daitezen.
Butano-gasezko berogailuak erabiltzeak energiaren kostuaren %65 merketu dezake berogailu elektrikoekin alderatuz gero. Egunean zortzi orduz martxan dauden lau butano-bonbonak 350 kilometro egiten dituen auto batek adina isurtzen dituzte.