argia.eus
INPRIMATU
Tabernek eta dantzalekuek 01:30ean itxi beharko dute Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban
  • COVID-19ari aurre egiteko neurri berrien berri eman du uztailaren 27an Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Batez ere aisialdien eta ostalaritzaren eremuak dira hunkiak. Neurri berri hauek asteburu honetan bertan indarrean izateko asmoa du Jaurlaritzak.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 28a

COVID-19aren hedapena kontrolatzeko hartu neurriak aisialdiaren eta ostalaritzaren eremuetan emanen dira gehienbat. Asteburu honetan bertan neurri hauek indarrean izateko asmoa du Jaurlaritzak. Horra neurri berriak zein diren:

- Tabernek eta dantzalekuek 01:30ean itxi beharko dute eta ezingo dira 06:00ak arte ireki. Horrez gain, 00:00etatik aurrera eserita kontsumitu beharko da terraza gisa mugatutako eremuan.

- Edukiei buruz ere erabaki ditu neurri berezi batzuk Jaurlaritzak: Diskoteketako edukiera %60 izanen da gehienez, eta ez da dantzatzeko espaziorik egongo.

- Jatetxe edo ospaleku handiak ere mugatuta egongo dira: ehun pertsonatik gorako edukiera dutenak %80 baino ezingo dituzte bete. Gainera, mahai bakoitzean ezingo dira bildu hamar pertsona baino gehiago. Metro eta erdiko tartea egongo da mahaien artean, hurbilen dauden pertsonetatik neurtuta.

- Gazte lokalak erabiltzea debekaturik izaten segitzen du.

- 60 pertsona egon daitezke gehienez gaubeiletan, eta edukiera % 60ra mugatu beharko da espazio itxietan.

- Ehorzketetan ere gehienik 60 pertsona biltzen ahalko dira.

- Ezingo da erromeriarik eta kontzerturik antolatu ikusleek aurrez ezarritako eserlekurik ez badute.

Agindu berria helaraztean, bertan behera geratuko dira Bergaran eta Tolosan aurretik ezarritako arauak, hango egoera epidemiologikoak hobera egin baitu azken egunetan. Indarrean jarraituko dute, ordea, Eibarren, Zarautzen eta Ermuan.