argia.eus
INPRIMATU
Tabernek, antzokiek eta kiroldegiek ateak zabalduko dituzte Ipar Euskal Herrian
  • Kolore berdea mantentzen duten Frantziako Estatuko lurraldeetan –bi departamendutan izan ezik, gainerako guztietan–, deseskalatzearen bigarren fasea abiatuko dute datorren asteartean. “Bigarren fase honetan, askatasuna arau bihurtuko da eta debekua salbuespen izango da”, iragarri du Edouard Philippe lehen ministroak.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 28a

Osasun ministroarekin batera egin du agerraldia Philippek eta osasunari dagokionez estatu mailan emaitzak onak direla adierazi dute, “zuhurtzia izaten jarraitzen badugu ere”. Maiatzaren bukaeran, aurreikuspenetan baino apur bat hobea da egoera eta beraz, askatasun berriak izango dituzte herritarrek.

Nola irekiko dituzte tabernak?

Ipar Euskal Herrian, 100 kilometrora arte mugitu ahal izateko muga bertan behera geratuko da, eta kafetegi eta jatetxeek ateak zabaldu ahal izango dituzte, “protokolo zorrotza jarraituz, beti ere”. Elkarrekin bazkaltzea edo afaltzea aukeratu duten guztiek mahai berean eseri ahal izango dute, baina tabernetako talde ezberdinen artean metro bateko distantzia egon beharko da eta barruan kontsumitzea debekatuta egongo da.

Frantsesezko ahozko azterketa bertan behera

Eskola nahiz lizeo, ikastetxe guztiak irekiko direla adierazi du lehen ministroak, eta orain arte frantsesezko ahozko azterketa mantentzen zen arren, hori ere bertan behera geratzen dela gaineratu du.

Kultura, kirola eta aisia

Kontzertu areto, kiroldegi, aisialdi parke, antzoki eta igerilekuek ere ekainaren 2tik aurrera ireki ahal izango dituzte ateak. Zinema-aretoek ekainaren 22ra arte itxaron beharko dute. Espazio publikoan kultur eta kirol ekitaldiak eten egin dira ekainaren 21era arte gutxienez.

Horrez gain, deseskalatzearen hirugarren fasea ekainaren 22rako iragarri du eta “StopCovid” aplikazioaren berri ere eman du. Kutsatuen eta kontaktuen jarraipena egiteko aplikazioa da. Egun berean, Europar Batasunak ohartarazi du aplikazio hauek talka egiten dutela pribatutasun eskubidearekin.