argia.eus
INPRIMATU
Tabernari bat atxilotu dute Gasteizko Alde Zaharrean bi adingabe bortxatzea egotzita
  • Asteazkenetik ostegunerako gauean gertatu zen erasoa. Gasteizko Alde Zaharreko taberna itxi ondoren, jabeak bi neskari alkohola eskaini zien. Konortea galdu zuten eta bortxatu egin zituen.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko irailaren 03a
Martxoaren 8ko manifestazioa Gasteizen, 2018. Argazkia: Arabako Alea.

Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du Gasteizen, bi adingabe bortxatzea egotzita. El Correo-k jasotako informazioaren arabera, gizonak 40 urte baino gehiago ditu, eta Alde Zaharreko taberna bateko arduraduna da. Bere lokalean bertan gertatu zen erasoa asteazkenetik ostegunerako gauean.

Hiru neska adingabe establezimenduan zeuden, gizonak itxiera ordua zela esan zienean. Pertsianak jaitsi ondoren, tabernan gelditzeko proposamena egin zien arduradunak. Gazteetako batek alde egin zuen, baina beste biak lokalean gelditu ziren.

Beren testigantzen arabera, tabernariak egindako hainbat proposameni uko egin zioten. Ondoren, gizonak alkohola eskaini zien neskei, eta uneren batean konortea galdu zuten biek. Esnatu zirenean, gizona haiek bortxatzen ari zela gogoratzen dute.

Konortea berreskuratu eta gero, tabernatik egin zuten alde. 112ra deitu zuten, eta ospitalean artatu zituzten. Ostegun goizean, polizia-etxean kontatu zuten gertatutakoa. Gaur, ostirala, epailearen esku geldituko da gizonezkoa.

Antzeko eraso bat maiatzean

Maiatzean, 15 urteko neska bat bortxatzea egotzi zioten Gasteizko diskoteka bateko langile bati. Adingabea festan zegoen establezimenduan, eta hurrengo goizean lonja batean esnatu zela baino ez zuen oroitzen. Poliziari emandako testigantzaren arabera, biktima "erdi biluzik" zegoen, eta erasotzailea bere gainean aurkitu zuen. Gizonezkoak aurrekariak ditu sexu-abusuengatik, eta behin-behinean sartu zuten Zaballako kartzelan, Alea-k zabaldu zuenez.