argia.eus
INPRIMATU
Tabernak 22:00etan itxi beharko dituzte ostegunetik goiti Ipar Euskal Herrian
  • Koronabirusari aurre egiteko neurri gogorragoak aurreikusiak ziren Ipar Euskal Herriarentzako ere. Prentsaurrekoa egiten ari da une honetan Eric Spitz Pirineo Atlantikoetako prefeta.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 20a

Jatetxeak ez, baina tabernak 22:00etan itxi beharko dituzte ostegunetik aurrera Lapurdi, Nafarroa Beherea zein Zuberoan. Neurri berri hau plazaratu du goiz honetan Eric Spitz Pirineo Atlantikoetako prefetak, prentsaurreko bidez.

Koronabirusaren kutsatze heinari dagokionez, egoera okertuz doa egunez egun Ipar Euskal Herrian ere. Jean Castex Frantziako lehen ministroak osasun larrialdia ezarririk urriaren 17az geroztik, neurriak gogortu dituzte Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa biltzen dituen Pirinio Atlantikoetako departamenduan ere.

Eremu publikoan sei pertsona baino gehiago biltzea debekatu dute; eremu pribatuan berriz muga hori errespetatzea “gomendatua” zaie. Debeku horri buruzko salbuespenak zerrendatu ditu Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak: aldarrikapen manifestazioentzat, izaera profesionaleko bilkura eta jarduerentzat, bidaiarien garraio zerbitzuentzat, publikoa hartzen duten aire libreko eraikinentzat, hileta zeremonientzat, profesionalek antolatutako bisita gidatuentzat eta merkatuentzat. 1.500 pertsona baino gehiagoko ekitaldiak prefeturan deklaratu behar dira, orain arte bezala.

Horrez gain, maskara eramatearen bermea ez badute segurtatzen, edaria edo janaria eskaintzen duen ekitaldi pribatu oro debekaturik dute.