Saltoki ertain eta handietako aforoa %30era jaitsi da halaber. Txikietakoak %40an jarraitzen du. Horrez gain, eremu publikoan ezingo da erre, adibidez tabernetako terrazetan edo erretzailea mugimenduan dagoenean. Erretzaileak geldi dagoela erre beharko du. Tabernak 21:00etan itxiko dira. Horiek dira asteazken eguerdian Nafarroako Gobernuko heledunek prentsaurrean jakinarazi dituzten murrizketa esanguratsuenak.
Nafarroako itxiera perimetralak bere horretan jarraituko du eta gaueko etxeratzea 23:00etatik eta 6:00ak arte mantenduko da. Tabernei dagokienez, terrazek irekita jarraitzen dute eta barruan bakarrik espazioaren %30 bete ahal izango da, orain arte bezala. Lan munduari ere aholkatu diote, lantokietako sarrerak eta irteerak mailakatuak izan daitezela, horrela garraioan jende pilaketak saihesteko. Neurriak datorren ostiralean sartuko dira indarrean eta urtarrilaren 28an berrikusiko dira.
Lau alerta maila daude Nafarroan eta une honetan hirugarrenean dago egoera, arrisku altuan. Azken egunetan kutsatzeek gora egin dute eta 200eko kopuruetara iritsi dira, atzo bertan 183 kasu (%7,5eko positibitatea) eta Javier Remirez gobernu bozemailearen esanetan, “datu horiek onartezinak dira”.
Horrela geratzen dira, beraz, gainerako eremu nagusiak:
Pertsonen elkartzea: Eremu pribatuan, gehienez bi bizikidetza unitate eta sei pertsona. Eremu publikoan, gehienez sei pertsona.
Tabernak: Terrazak %100ean irekita. Barnealdeak ere irekita jarraitzen du, %30ean. Barran ezin da kontsumitu, mahai bakoitzeko lau pertsona, edo 6ra arte, mahaiaren ezaugarriek 1,5 metroko tartea gordetzeko aukera ematen badute.
Hotelak eta aterpetxeak: Eremu komunak %50ean bete ahal dira. Literen %30a erabili ahal izango da eta gelen %50a.
Kultur mundua: Zinema, antzoki, auditorium eta kontzertu aretoak %50 bete ahalko dira gehienez. Museoak, liburutegiak eta erakusketa gelak %50 ere bai.
Kirol jarduerak. Kanpoko kirol instalazioak %45, gehienez 15eko taldeak osa daitezke. Barneko instalazioak %35. Zuzendutako kirol-jarduerak: 15 laguneko taldeak aire zabalean eta 10 lagunekoak barruan. Igerileku estalietan aforoa %50 murrizten da.
Bestelako espazioei buruzko informazio gehiago nahi duenak, Nafarroako Gobernuaren webguneko atal honetan egin dezake kontsulta.