Nafarroako Gobernuko Osasun sailak uztailaren 22an eramango du proposamena Gobernura: lege dekretua ateratzea, gaueko aisialdiko lokalak 2:00etan itxi daitezen Nafarroa osoan. Ordu txikitan elkartu daitekeen pertsona kopurua mugatzea ere proposatuko du, tabernak ixterakoan jende pilaketak gertatzea saihesteko.
Uztailaren 20an eman du berria Osasun sailburu Santos Indurainek: "Oreka zailari eutsi behar diogu, osasun publikoa zaindu behar dugu baina aldi berean ekonomia eta gure komunitatearen bizitza soziala. Gure estrategia ez da izango gizarte osoa penalizatuko duten atzera pausoak egitea, baizik, aktuazio selektiboak izango dira, gradualak".
Neurri honek batez ere gazteei eragingo diela jakitun, gazteekiko mezu baikorra zabaldu du Indurainek eta gogoratu du "konfinamenduan izan duten elkartasuna, zaharrei eman dieten babesa eta auzoetan egiten duten lana. Gure gizartearen oraina eta etorkizuna dira, behar ditugu", adierazi du.