argia.eus
INPRIMATU
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako taberna eta jatetxeak ixtea agindu du Jaurlaritzak, larunbatetik aurrera
  • Iñigo Urkulluk pandemiaren bigarren olatuari aurre egiteko neurri berriak iragarri ditu ostegun arratsaldean. Horien artean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako taberna eta jatetxe guztiak ixtea agintzen du ostiralean argitaratu eta larunbatean indarrean izango den dekretuak.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 05

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak LABI aholku batzordearekin egindako bileraren ostean eman du Covid-19ari aurre egiteko neurri murriztaileen berri. Azaldu duenez, ospitaleak "berehala" kolapsatzeko arriskurik ez dagoen arren, egoera gero eta "kezkagarriagoa" da eta neurriak "orain" hartzea ezinbesteko ikusten dute.

Besteak beste, neurrien artean daude etxeratze agindua gaueko 22:00etara aurreratzea, merkataritza saltokiek 21:00etan ateak ixtea eta taberna eta jatetxeak ixtea. Urriaren 26ko dekretuaren moldaketa ostiralean egingo da publiko eta larunbatean jarriko da indarrean.

Hala, Euskal Herri osoan ostalaritza itxita egongo da larunbatetik aurrera, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian lehenagotik ere egoera horretan baitaude, Iparraldean gainera etxeko konfinamendua agindu du Frantziako Gobernuak.

Hauek dira harturiko neurriak puntuz puntu:

1- Gaueko 22:00etatik goizeko 06:00etara pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatzea.

2- Jarduera sozioekonomikoak 21:00etatik aurrera mugatzea. Merkataritza-establezimendu guztiei eragingo die; farmaziei eta gasolindegiei izan ezik.

3- Kultu jardueretan aforoa %35-ekoa izango da.

4- Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduak itxiko dira. Kanpoan geratzen dira hoteletako eta beste ostatu batzuetako jantokiak, egoiliarrei zerbitzua emateko. Jatorduak etxez etxe prestatu eta zerbitzatu ahal izango dira, aldez aurretik hitzordua eskatuta, 21:00ak arte. Gasolindegietan, osasun-zentroetan, zentro soziosanitarioetan, eskola-jantokietan, lantegi eta jantoki sozialetako zerbitzu-guneetan sartzen diren jatetxe-zerbitzuak kanpoan geratzen dira.

5- Kultura-jarduera, -ikuskizun edo -ekitaldi oro gaueko 21:00-k baino lehen bukatu beharko dira. Musika- eta ahots-entsegu kolektiboak edo dantza-entsegu kolektiboak, profesionalak ez direnean, bertan behera gelditzen dira.

6- Taldeko edozein kirol-jarduera etetea, lehiaketa profesionala edo erdi-profesionala izan ezik. Debekatuta dago kirol-ekitaldietara joatea. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea jarduera fisikoa edo kirola hiri-inguruneetan egiten denean.

7- Ikastaroak edo programatutako jarduerak gimnasioetan, kirol klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan egin daitezke; betiere maskararekin egiten badira, gehienez sei laguneko taldeetan eta gehienez %40ko aforoarekin.

8- Joko- eta apustu-establezimenduak eta -lokalak ixtea

9- Gaueko 22:30ak izango dira garraio publikoa lurralde historikotik ateratzeko gehieneko ordutegia. Salbuetsita dago taxia edo gidaria duen ibilgailuaren alokairua.

EAEko Lehendakariak "indarra batzea" eskatu du agerraldian, baita neurriak "zorroztasun eta erantzukizunarekin" errespetatzea ere. Bere ustez mugikortasuna ahalik eta gehien mugatu beharra dago, etxe-konfinamendua saihestu eta "Gabonetara ahalik eta baldintza onenetan iristeko".