argia.eus
INPRIMATU
Taberna batzuek ijitoei sarrera debekatzen dietela-eta, neurriak iragarri ditu Iruñeko Udalak
  • Ijito izateagatik Iruñeko taberna batzuetan sarrera debekatzen dietela salatu dute herritar batzuek eta salaketekin bat egin dute Udaleko talde guztiek: “Diskriminazio eta arrazakeria bolada” honi aurre egiteko, zigorrak, kontrol neurriak eta salaketa errazteko tresnak jarriko dituzte martxan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko otsailaren 14a

Udalak adierazi du zigortu egingo dituela jaiotze, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo bestelako baldintza pertsonal edo sozialengatik sarrera debekatzen duten tabernak. Aho batez onartu duten testuak dio biktimei eragindako kalteei erantzuteko neurriak hartzera eta berriz gerta ez dadin kontrol mekanismoak jartzera konprometitzen direla, adibidez salaketarako bideak erraztuz, “inpunitate eremurik gera ez dadin”.

Nafarroako establezimenduetako sarrera-irizpideak arautzen dituen 33/2011 Foru Dekretua berrikusteko erabakia ere hartu dute.

“Diskriminazioetatik aske den hirian bizi nahi dugu”

Nafarroako Sos Arrazakeriatik eta Gaz Kaló ijitoen elkartetik jakinarazi dutenez, urtetako arazoa da, baina azken boladan kasuak ugaritu egin dira: “Egoera hauek pertsonen duintasunari kalte egiteaz gain, arrazakeria eta xenofobia sustatzen dute. Diskriminazioetatik aske den hiri batean bizi nahi dugu, inpunitate eremuetatik aske, denok, berdintasunean, eskubide eta zerbitzuetarako sarbidea bermatua izango dugun hirian, gure aniztasuna aintzat hartua eta baloratua izango den hirian”.