Erretzailea ez izan arren tabakoaren kea jarraikortasunez irensteak ekar ditzaken osasun arazoak ikertu ditu Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak, eta frogatu du arrasto arriskutsuak uzten dituela haurren DNAn.
Jakina da eta behin baino gehiagotan frogatu dute erretzen ez duten pertsonengan ere osasun arazoak ekar ditzakeela tabakoaren kea irensteak, baina orain Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak ikerketa batean frogatu duenez, "tabakismo pasibo" deiturikoak haurren DNAn arrasto negatiboak utz ditzake.
"Aurkitu ditugun arrasto hauek arnasketa arazoetatik eta arazo kardiobaskularretatik gertuko geneetan daude", adierazi du Marta Cosin-Tomàs OGIko ikertzaileak, elDiario.es hedabideak jaso duenez. Ikerketa 7 eta 10 urte arteko 2.689 haurren odol laginei eginiko frogetan oinarritu da, jatorriz zortzi herrialde europar ezberdinetakoak.
Bartzelonako Osasun Publikoko Agentziak 2019. urtean ikerketa batean ondorioztatu zuenez, Espainiako Estatuko 12 urtez azpiko haurren hiru laurdenek tabakoaren kea irensten dute jarraikortasunez: horietatik %29,2k etxean edo kotxean, eta %42,5ek eremu irekietan edo publikoetan.